Eguzki talde ekologistak salatu duenez, Hernanin (Gipuzkoa) AHT abiadura handiko treneko lanetan ari den enpresak Urumea ibaian pasabide bat eraikitzeko baimena eskatu dio Uraren Agentziari. Tren lasterra eraikitzeko lanetan darabilten makinaria astuna ibaiaren alde batetik bestera pasatzeko egin nahi dute pasabidea. Eguzkik eskaera hori ez onartzeko eskatu dio Uraren Agentziari: «Ekologistok baimena ukatzea nahi dugu».
Eguzkik gogorarazi du pasabidea eraiki nahi duten ingurua, BGL Batasunaren Garrantzizko Leku moduan izendatuta dauka Europak, bere balio ekologiko «handiarengatik»; hori dela eta, inguru horretan pasabiderik ezin dela eraiki uste dute. Azaldu dutenez, gainera, obra hori egiteak ez lioke eragingo ubideari soilik, bi ibaiertzetan ere sarbideak eraikitzea baita enpresaren asmoa.
Uraren Agentziari egindako eskaeran enpresak azaltzen duenez, Hernani eta Urnieta arteko AHTaren zatian lanean ari diren 11 kamioik erabiliko lukete pasabidea; hain zuzen, lur mugimenduetatik ateratako 350.000 metro kubiko lur garraiatzeko. Eskaeran ez dute zehaztu zenbat denboraz erabiliko luketen pasabidea.
Eguzkik salatu du AHTaren sustatzaileak proiektuak ingurumenean sortuko dituen kalteak ezkutatzen saiatu direla orain arte. Pasabidea egiteko eskaerak, ordea, haien jarrera agerian uzten duelauste du Eguzkik: «Antza denez, hori da makinaria astuna lanetara eramateko aukera bakarra, baina orain arte ez omen dira konturatu». Eguzkik adierazi duenez, pasabidea eraikitzeak inguruko faunan kalte «handiak» sortuko lituzke: izokinari edo bisoi europarrari, besteak beste. Horrez gain, hainbat zuhaitz bota nahi dituztela ohartarazi du.
Eguzki elkarteak herritarrei dei egin die ekainaren 2rako AHT Gelditu! Elkarlanak Hernanin antolatutako giza katean parte hartzera, «eraso berri horri aurre egiteko eta AHTaren proiektua zeharo zentzugabea dela agertzeko».
Elkarretaratzea, Donostian
Ekainaren 2rako deitutako mobilizazio nazionalaren aurretik, beste hainbat ekitaldi ere egingo ditu AHT Gelditu! Elkarlanak. Datorren asteartean, esate baterako, elkarretaratze batera deitu du Donostiako epaitegiaren aurrean, 09:30ean. Egun horretan epaituko dituzten AHTaren aurkako 11 ekintzaileri babesa erakutsi nahi die. Bestalde, igandean 18:00etan hitzaldi bat emango du Nicolleta Dosio tren lasterraren aurkako Italiako ekintzaileak, Donostiako Kortxoenea gaztetxean.
Eguzkik salatu du pasabide bat egin nahi dutela Urumea ibaian AHTko obretarako
Elkartearen ustez, treneko lanetarako bide bat jartzeak kalte egingo lioke balio ekologiko handia duen inguru bati
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu