«Iraina» iruditu zaio Iñigo Urkullu EAJren EBBko buruari EH Bilduk bere balizko Jaurlaritza Jose Antonio Agirre lehendakariarenarekin alderatzea. «Burujabea izan den Jaurlaritza bakarraren lekukoa hartu nahi dugu», esan zuen Laura Mintegik igandean. Carlton hotelean egin zuen agerraldia EH Bilduk, Agirre lehendakariak erbesteratu aurretik egoitza izan zuen eraikinean. Konparazioa ez zaio, ordea, batere gustatu alderdi jeltzaleari: Urkulluk «erabiltzea, manipulatzea eta aprobetxatzea» aurpegiratu dio ezkerreko koalizio abertzaleari, eta Markel Olanok «mingarria» dela esan du.
Agirre lehendakariak «balio demokratikoak eta printzipio etikoak» oso argi zituela esan zuen Urkulluk atzo, baina zalantzan jarri zuen EH Bilduren erabakimena gai horretan. «Hori ikusteko dago ezker abertzale osoan, edo ezker abertzale berri honetan».
Koalizioak «batasuneko gobernua» goretsiz egindako adierazpenak «gezurra» direla ere esan zuen EAJren EBBko buru eta lehendakarigaiak: «Lehendakariarena izan zen batasuneko gobernua, nazionalisten eta nazionalista ez zirenen artekoa, ideologia nazionalista desberdinen artekoa, eta ez nazionalista errepublikano, sozialista eta komunisten artekoa». EH Bilduk halakorik ez duela nahi gaineratu zuen Urkulluk: «Ildo subiranistetako aliantza proposatzen du ezker abertzaleak,eta horrek nazionalista ez direnak baztertzen ditu».
Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakari eta PSE-EEko hautagaiari ere ez zaio gustatu EH Bilduren argazkia. «Faltsua eta ia txistea» dela esan zuen. «Askatasuna eta erabateko demokrazia trabatu digutenek Agirre ordezkatu nahi izatea txantxa bat iruditzen zait». Hitz gogorrak izan zituen Lopezek koalizioren kontra: «Frogatuta dago Bildu kudeaketarik eza dela, eta aurrera garamatzanari kontra egitea. Pankarta gustuko dute, eta kito».
Agirreren gobernuak herri gisa jokatu zuela esan zuen Mintegik igandean, eta horixe dela EH Bilduren asmoa ere.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea
EH Bildu Agirreren gobernuarekin parekatzea «iraintzat» jo du EAJk
«Burujabe izan den Jaurlaritza bakarraren» lekukoa hartu nahi duela esan du EH Bilduk, Carlton hotelean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu