Politika Orokorreko eztabaida egiten ari dira Eusko Legebiltzarrean. Goizean, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak egin du hitzaldia. Saioari berrekin diote arratsaldean.
EAJ: "Giza eskalan ari da Jaurlaritza"
Joseba Egibar EAJko bozeramaileak txalotu egin du Jaurlaritzaren jarduna eta Urkulluren hitzaldia, uste baitu "giza eskalan" ari dela lanean: "Gobernuaren jardun politikoaren ardatza pertsona da". Hortik aurrera, kritikak egin dizkie gainerako talde politikoei; aurrekontuen alorrean, uste du kontuak ez babesteko erabakia "hartuta" dagoela: "EH Bildu alderdi politiko bat da, ez obserbatorio bat. Busti, negoziatu".
Autogobernuaren harira kritikatu ditu Elkarrekin Podemos, PSE eta PP. Azpimarratu du, "posizioak ikusita", gaur egun ez litzatekeela onartuko 1979ko estatutua ere, eta estatutu hura "hauskorra" dela azaldu du, estatus politikoa berritzeko beharra defendatzeko: "Estatutuak subordinaziotik irten eta errespetua behar du". Ildo horretan, PSEri zuzendu dio galdera: "Zertan egiten dio kalte euskal gizarteari lan politiketan eskumen osoak izateak? hezkuntzan injerentziarik ez izateak? euskal selekzioak izateak? Erantzuna argi dago: ezertan ez".
Egibarrek ziurtatu du Eusko Legebiltzarraren proposamena "erradikalki demokratikoa" eta "ezinbestean legezkoa" izango dela. Egibarrek defendatu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren "garapen politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala" Eusko Legebiltzarrak erabaki behar duela eta erabaki horrek errespetatua izan beharko duela. "Ondoren, beharrezkoa den guztia negoziatuko da".
EH Bildu: "Gobernua kaletik eta errealitatetik urrun dago"
Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak gogora ekarri ditu Euskal Herrian aurten indarkeria matxistaren eraginez hildako bost emakumeak, eta "gobernu feminista bat" eskatu du. Anbizio falta izatea leporatu dio Jaurlaritzari, eta langabezia tasak aipatu ditu horren adibide gisa: "Anbizioa ez da notaritza lana egitea, lidergoa izan behar da".
EH Bilduk "herri akordioa" esakaini dio EAJri, PSE-EErekin duen koalizio gobernua utzi eta Jaurlaritzari norabide berri bat emateko. "Iraganeko gobernu batetik irteteko aukera eskainitzen dizugu, higatutako herrialde proiektu batetik eta gastatutako marko batetik, aukerez betetako bide berri bati ekiteko", adierazi du Iriartek. Haren esanetan, koalizioak "herri interesak" jarriko ditu beste edozeren aurretik.
Autogobernu lantaldean adostutako oinarriak goraipatu ditu: "Akordio on bat da, etorkizuneko oinarria jartzen duelako. Zain dago beste aktore batzuk ere batu daitezen. Akordio on bat da herri honen gehiengoari erantzuten diolako ezkerretik eskuinera". Eskubide sozialak eta politikoak "batuta" doazela azpimarratu du, Gizarte Segurantzarekiko erabakimena adibide gisa jarrita: "Ez du balio eskubide sozialen zerrenda luze bat egitea, eta hori ezin bermatzea Espainiak ez duelako nahi". Iriartek Urkulluri eskua luzatuz amaitu du hitzaldia: "EH Bildu hor egongo da herri akordioetarako".
Politika publikoek herritarren arteko aukera berdintasuna bermatu behar dutela defendatu du, bestalde. "Faboritismo, ustelkeria eta kutunkeria" susmo oro ezabatzeko beharra nabarmendu du. Ildo horretan, Osakidetzako LEPari lotutako ustelkeria salaketa aipatu du. Iriarteren hitzetan, Jaurlaritzak “negargarri” kudeatu du gaia. De Miguel auziari eta Karrantzako Minden auziari ere egin dio erreferentzia. Epaiketa horietan, "administrazioko hainbat goi kargu" nahastuta daudela gogorarazi du, eta gaineratu du ez dutela jokabide "eredugarria eta etikoa" izan.
Elkarrekin Podemos: "Patronalaren lehendakaria dirudizu"
Elkarrekin Podemosen izenean Jon Hernandezek eta Lander Martinezek hitz egin dute. Hernandezek langileen egoera izan du hizpide: "Herri honetako langileek beste gauza bat merezi dugu. Behekoen alde egongo den gobernu bat merezi dugu". Martinezek, berriz, "arkadia" bat irudikatu izana egotzi dio, "egiazkoa ez den Euskadi baten erretratua" egitea eta "umiltasun faltaz" mintzatzea. Ildo horretan, "gurasoen etxebizitzan bizitzera behartuak dauden gazteak" eta gizon-emakumeen arteko ezberdintasunak ekarri ditu gogora: "Arazoak ahaztu nahi dituzue, kontziente zaretelako konponbiderik gabeko gobernu bat zaretela". Gainera, aurpegiratu dio hitzaldian ez aipatu izana Marguello auzia, De Miguel auzia, Karrantzako mindarena eta beste ustelkeria kasu batzuk: "Sagar ustelen saskia gainezka dagoela dirudi".
Estatutu berri baterako eztabaidari dagokionez, Martinezek "zeharkako akordioa" sustatzeko eskatu dio Urkulluri, eta arlo identitarioan "barneratzailea" izango den proposamen bat defendatu dezala. "Estatu espainiarrean nazio aniztasuna aitortzeko eskatzeaz gain, Euskadiren izaera plural aitortu beharko zenukete".
PSE-EE: "Posible da eskubideak eta adostasunak zabaltzea"
Eusko Jaurlaritzak eginiko lana balioetsi du Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak; bereziki, Etxebizitza Sailaren zeregina txalotu du —PSEren esku dago—, eta erantsi plan bat prestatzen ari direla gazteek etxebizitzarako sarbidea izan dezaten. Autogobernuaren alorrean, Mendiak beharrezkotzat jo du akordio "transbertsal bat" lortzea, eta uste du posible dela "eskubideak eta adostasunak zabaltzea". Proiektu "bideragarri" bat eskatu du, "herritarrek uler dezaten eztabaida hau garrantzisua dela".
PP: "Eskumenak ez dira eskualdatu EAJk ez dituelako nahi"
Alfonso Alonso PPko bozeramailea izan da hitza hartzen lehena. Salatu du Espainian "egoera okerrerako" aldatu dela: "Dudak ugaritu dira, eta ziurtasunak urritu". EAJri leporatu dio horren ardura: "Gauzak ez dira bakarrik aldatu: zuek nahi duzuen gobernua da". Urkulluri egotzi dio goizeko hitzaldian Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari "babesaren prezio politikoa eskatu" izana, eta uUkatu du 1979ko estatutuaren 37 eskuduntza eskualdatzeke daudela: "Ez badira eskualdatu, horrela da eskumen horiek ez dituzuelako nahi". Gezurretan aritzea egotzi dio: "Nora eraman nahi gaitzazu? ez dago 1839 aurreko Euskal Herri idilikorik. Ez da historia, botere konstituziogilea da eskubideak ematen dituena". Alonsok uste du Urkulluren "apustua aldebakartasunaren aldekoa" dela.
Legealdi erdiaren balorazioa egin du: "Hobetu daiteke". Gogorarazi du gobernu programan jasotako 28 legeetatik hiru onartu dituztela, eta kritiko aritu da, besteak beste, hezkuntza publikoaren emaitzekin.