EH Bildu "irabaztera" aterako da datorren urteko udal eta foru hauteskundeetan, "hautagaitza eta programa onenak" dituelako. Horrela adierazi du Arnaldo Otegi koalizio subiranistako koordinatzaileak: "Guk ez dugu sekula independentziaren eta justizia sozialaren partida jokatu aurretik utziko".
EH Bilduk ohoiko batzar orokorra egin du Donostian, eta, bertan, ofizialki aurkeztu dituzte 2019ko udal eta foru bozetan zerrendaburu izango diren hautagaiak. Bertan izan dira Jone Goirizelaia, Reyes Karrere, Miren Larrion eta Joseba Asiron Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko alkategaiak, Kike Fernandez Pinedo, Bea Ilardia eta Juan Karlos Izagirre Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkako ahaldungai nagusiak eta Bakartxo Ruiz Nafarroako Gobernuko lehendakarigaia.
Hain justu, Ruiz izan da ekitaldian hitza hartu dutenetako bat, eta Nafarroako hauteskundeei begira jarri da. Azaldu du "2015ean hasitako aldaketa politikoaren eremua indartu eta zabaltzea" dela erronka, eta "bide horretan jarraitzeko aldaketa espirituari eusteko konpromisoa" adierazi du, "eraldaketa sakonagoa" erdiesteko. Funtsean, hitzeman du Euskal Herri "justuago" baten alde lan egingo dutela.
Ilardia, berriz, "ilusio berrituaz" aurkeztuko da bozetara, eta "herritarrengandik gertu bainoago, herritarren artean egoteko borondatea" agertu du. Halaber, uste du "jendearen arazoei irtenbideak eskaintzeko giltza" izan behar duela EH Bilduk, eta "jendearekin egon, jendea entzun, eta jendeari erantzuteko gaitasuna" izan behar duela.