Iruñeko Udala

EH Bilduk Amaia Izkoren ibilbide profesionala babestu du

11/13 sumarioko hitzarmenaren ondotik, Enrique Maia Iruñeko alkateak salatu du Izko ezin dela hautetsi izan "minutu bat gehiago ere". Koalizio abertzalearen ustez, dimisio eskaera horrek Iruñerriko mankomunitatea kontrolatzeko interesari erantzuten dio egiazki.

Joseba Asiron iragan asteko prentsaurreko batean, Joxe Abaurrea eta Endika Alonsorekin batera. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2019ko irailaren 17a
09:27
Entzun

Astelehenean, 11/13 sumarioko auzipetuek akusazioarekin akordioa lortu eta gutxira, Enrique Maia Iruñeko alkateak Amaia Izkoren berehalako dimisioa eskatu zuen. Gaur goizean prentsaurreko bat eman du, eta berretsi du hautetsi izateari utzi beharko liokeela, "ETAren irizpideei jarraitzeagatik" kondenatua izan delako.

Ikusirik Navarra Sumak Izkoren aurka egiteko baliatu dituela lehen orduok, EH Bilduk beste agerraldi bat egin du, eta abokatuaren ibilbidea babestu du, irmo. Joseba Asiron zinegotzi eta alkate ohiaren arabera,  "gertaera zorrotzei soilik erreparatuz gero", Izkok onartu duen bakarra da abokatu gisa kartzeletarako bisitak egin dituela eta beste abokatuekin bilerak izan dituela. "Amaia ibilbide luzeko abokatua da, eta bere lanbidean aritzeagatik izan da auzipetua", nabarmendu du.

Asironen ustez, ezinbestekoa da epaiketaren beraren testuingurua aintzat hartzea akordioaren zergatia ulertzeko. "Guztiok ezagutzen dugu Auzitegi Nazionala eta makrosumario hauen inpartzialtasuna". Gainerako auzipetuen modura, Izkok espetxe-zigor eskaera handi bati aurre egin behar zion (11 urtekoa): "Bere burua errugabe izendatu eta 11 urteko espetxe zigorra jaso, edo, erruduntasuna ontzat eman, eta espetxea saihestu; bi aukera horien artean erabaki behar izan du", azaldu du.

EH Bilduk ez du nahi preso politiko gehiagorik egoterik. Halaber, Navarra Sumak argudiatu du Izkok irain egin diela ETAren biktimei bere presentziarekin. Horren inguruan, Asironek uste du salaketa hori guztia "zirku hutsa" dela, eta ez diola inori mesederik egiten: "Are gutxiago biktimei. Beti izan diet errespeturik sakonena biktimei".

Akordioan, fiskalak hiru urteko inhabilitazioa ezarri die auzipetuei, eta, horregatik, hautetsi akta uztera behartuko du Izko. Asironek argi utzi du EH Bilduko udal taldeak epaia beteko duela, baina Izkok ez du kargua utziko "ofizialki" jakinarazten ez den artean eta epaia irmoa ez den artean.

Mankomunitatearen afera

Alta, Navarra Sumak presa handia du, eta horregatik eskatu du berehalako dimisioa. Enrique Maiaren arabera, "doilorkeria bat da terroristekin elkarlanean aritu dena udal bilkuran esertzea". Izkoren aurka egiteaz gain, salatu du EH BIldu ezgaitu egin beharko litzatekeela politikan beste udal taldeen bitartekari izateko.

Beti legez, argudio horri etekina atera nahi dio Navarra Sumak; oraindik hautatzeko dago Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria. Navarra Sumak Juan Jose Etxeberria aurkeztu du hautagai gisa, eta EH BIlduk, Aritz Aiesa. Lehendakaria hautatzeko biltzarra irailaren 26an izango da, eta ez batak ez besteak ez dute garaipena ziurtatua. Gehiengo osoa lortzeko, erabakigarri izango da PSNko zazpi ordezkarien botoa.

Biltzar horri begira, boto bakoitza oso garrantzitsua izango dela jakinik, Navarra Sumak Izkoren dimisioa eskatu du. EH Bilduk argi du "Enrique Maiak mankomunitateko gehiengoen eta gutxiengoen jokoa aldatu" nahi duela. "Badirudi mankomunitatea kontrolatzeko interesari erantzuten diola". Aginte makila hartu duenetik, Maiak aurka ditu gainerako alderdiak, eta mankomunitatean gauza bera gerta daiteke. EH Bilduren ustez, "bere bakardadea estali nahi du".

Alta, Maiak salaketa hori ukatu du. Haren irudiko, azalpen hori "tokiz kanpo" dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.