EH Bildu Gipuzkoako lehen indar politikoa dela, eta koalizioa «konfiantza osoarekin» lehiatuko dela Espainiako Gorteetarako uztailaren 23ko bozetan: horixe azaldu du Gipuzkoako zerrendaburu Mertxe Aizpuruak gaur, Donostian. Eta erantsi du EH Bilduk Gipuzkoan duen lidergoa ez dela aldatuko, «batzuk eta besteak saiatu diren arren azken asteetan aldaketa politiko hori galarazten, kosta ahala kosta». Adierazi du Espainiako eskuinarekin itunak egiteaz baliatu direla EH Bilduk goberna ez dezan. «Itun horiek ez dute islatzen Gipuzkoako gizartearen gehiengoaren nahia. Gipuzkoarrek garbi hitz egin zuten maiatzaren 28ko hauteskundeetan».
Aizpuruak uste du Gipuzkoak «ahots abertzale eta aurrerakoia» behar duela Madrilen, eta, horregatik, hautesleei eskatu die jarrai dezatela «aldaketa politikoa sendotzen». Espainiako eskuinarekin «inolako zalantzarik izango ez duen indarra» da koalizio abertzalea, Gipuzkoako hautagaiaren arabera: «Ulertezina eta justifikaezina da PPren babesa bilatzea eta jasotzea, are gehiago ultraeskuinarekin atzerapausoak adosten ari diren bitartean».
Voxen eta PPren eskuin muturra besteak beste berdintasun politikak baliogabetzen ari dela ohartarazi du Aizpuruak. «Uste dugu herritarrek kontuan hartuko dutela PPren babesa bilatu izana Euskal Herriko zenbait udalerritan geldiezina den aldaketa eteteko». EAJ eta PSE-EE aipatu gabe, PPk horiei emandako babesari erreparatu dio EH Bilduko Gipuzkoako zerrendaburuak. «Gure eskuan dagoen guztia egingo dugu eskuinak eta eskuin muturrak goberna ez dezaten», esan du, aditzera emanez PSOEk buru lukeen balizko gobernu bat babesteko prest legokeela koalizio subiranista berriro. «Azken lau urte hauetan erakutsi dugu gai garela akordioak lortzeko eskubideak eta askatasunak zabaltzeko, eta euskal herritarrentzat onuragarriak diren itunak egiteko».
Pentsioak igotzeko akordioak, etxebizitzaren eta memoria demokratikoaren ataletan egindakoak, eta bankuei eta energia konpainiei ezarritako zergak ekarri ditu gogora Aizpuruak. Gaur bertan, Espainiako Ministro Kontseiluak onartu duen beste akinaldi bati ere erreparatu dio, talidomidaren biktimei laguntzeko arauari; «izan ere, biktima horientzako zegoen diru aurrekontua hamabi milioi euro handitzea lortu dugu», esan du Kongresurako hautagaiak.
Laburbilduz, EH Bilduk uste du udal eta foru hauteskundeetan «hasitako ziklo politiko berriari jarraipena emateko erronka» duela aurrez aurre uztailaren 23ko bozetan. Koalizioarentzat, beraz, maiatzeko hauteskundeen bigarren itzulia litzateke U-23ko deialdia. «Esku-eskura dugu, eta ez dugu zalantzarik: oraingoan ere Gipuzkoak indar aurrerakoi eta abertzalearen alde egingo du».