Hondakinak biltzeko modua herri bakoitzean erabaki behar dela eta herritarren iritzia aintzat hartu behar dela adierazi du EH Bildu koalizioak. Gipuzkoan sortutako eztabaidari buruzko iritzia eman dute koalizioko alderdiek Donostian, eta iragarri dute koalizioko hautetsiek "herritarrei bizkar emanez" ez dutela ezarriko hondakinak biltzeko sistemarik. "Herriz herriko akordio horiek egitea da Gipuzkoako hondakinekin dugun arazoa konpontzeko dagoen biderik onena".
Atez atekoa ezarriko zutela iragarri zuten Bilduko 34 alkatek iaz. Koalizioko kideek nabarmendu dute orduan esan zutela herritarrekin parte hartzeko prozesuak egingo zituztela. "Atez ateko sistema proposatu dugu hainbatetan tasa horiek lortzeko sistemarik eraginkorrena delako, baina herri bakoitzak bere bidea aurkitu behar du, herritarrekin garatutako prozesuen bidez". Giltzarri jo ditu, beraz, "herriz herriko akordioak".
Mugimenduak izan dira azken asteetan hondakinen bilketa dela eta. Legazpin galdeketa egin zuten, atez atekoaren aurkako taldeak antolatuta, eta sistema horren aurkako botoak izan ziren gehienak; udalak iragarri du bosgarren edukiontzia eta atez atekoa, biak ezarriko dituela proba modura. Elgetan eta Zumaian, berriz, bosgarren edukiontzia ezarriko dute, txiparekin; alderdi guztiak ados jarri dira. EH Bilduk dio "bultzatu edo babestu" egingo dituela atez atekoaz besteko sistemak ere, betiere birziklatze tasa %70-80ra iristeko modua bermatzen baldin badute. "Helburuetan dago gakoa, ez bidean, eta %70 edo %80ra iristeko gai diren sistemak bultzatuko eta sustatuko ditugu".
Hondakinak sailkatzea herritarrei dagokiela eta haien babesa ezinbesteko dela nabarmendu dute. "Herritarren babesik gabe ez da eraginkorra". Kazetariek behin eta berriro galdetu dute herritarren iritzia nola hartuko duten kontuan. Herri galdeketak eginda? Ez dute atea itxi. “Ez da derrigor herri galdeketarik egin behar. Akordio barneratzaileak aski dira”. Herri batzuetan atez atekoaren aurkako desadostasun nabariak sortu direla onartu dute, eta "beste formula batzuk" bilatzeko prest azaldu dira, betiere birziklatze tasarako helburua ez jaistekotan.