Politika

EH Bilduk kudeatzeko gaitasuna frogatu duela nabarmendu du Izagirrek

Koalizioak "garai zailetan eta oso kontrako testuinguruan" kudeatzen dakiela erakutsi du, Gipuzkoako zerrendaburuaren esanetan.

Juar Karlos Izagirre EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburua (erdian), Julen Mendoza Errenteriako alkatearekin (ezkerrean) eta Maddalen Iriarte legebiltzarkidearekin (eskuinean) batera, gaur Errenterian egin duten ekitaldian. JON URBE, FOKU
2018ko ekainaren 15a
17:30
Entzun

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate ohiak hurrengo urtean egingo diren udal eta foru hauteskundeetara begirako lehen ekitaldia egin du, gaur, Errenterian (Gipuzkoa), kolaizioaren hautagai gisa. Duela bi aste jakinarazi zuen EH Bilduk Gipuzkoako zerrendaburu izango dela Izagirre, eta gaurko ekitaldian Gipuzkoa "hobetzeko prest" agertu da.

Ekitaldian, Izagirrerekin batera izan dira Maddalen Iriarte EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea eta Julen Mendoza Errenteriako alkatea. Izagirrek mediku gisa jardun du ekitaldirako aukeratu duen herrian, Donostiako alkate izateari utzi dionez geroztik. Iriarte eta Mendozaz gain, aurkezpenean izan dira Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkidea, Xabier Olano koalizioaren Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramailea eta Reyes Carrere Donostiako alkatetzarako hautagaia ere.

EH Bilduren kudeaketarako gaitasuna defendatu du Izagirrek aurkezpen ekitaldiko hitzaldian. Nabarmendu du koalizioak egin duen zazpi urteko ibilbidean akatsak eta ongi egindakoak izan direla, eta eskarmentu horrek hobea egin duela. "Egin ditugunak zintzotasunez egin ditugu, borondate onarekin eta konbentzituta herri hau modu ezberdinean eraiki daitekeela". Urte horietan EH Bilduk erakunde publikoak kudeatzeko gai dela frogatu du, Izagirreren esanetan. "Ziur egon zaitezte publikoa kudeatzen EH Bildu ez dela inor baino gutxiago. Egunero demostratzen duzue zuen gaitasuna. Baita une zailetan ere, krisi ekonomiko latzetan eta ezer aldatzea nahi ez dutenen baliabide guztiak aurka edukita".

Izagirreren hitzetan, EH Bilduren kudeaketa eredua "desberdina" da. "Pribatizaziorik gabe, zerbitzu publikoak eta beharra dutenentzako laguntzak murriztu gabe, lan bera bi aldiz ordaindu gabe edo beharrezkoak ez diren azpiegiturak eraiki gabe. Ez gatoz hobe bizitzera, ezta entxufismoa egitera ere", adierazi du.

Iurraldearen gizarte egoerarengatik kezkatuta agertu da koalizioko hautagaia. "Kezkatuta gaude soldata eta erretiro negargarriak jasotzen dituztenekin, mendekotasun egoeran daudenekin, Laguntzetan eta zerbitzuetan egin diren murrizketekin. Kezkatuta gaude osasunaren edo bizitzaren gainetik negozioa egin nahi dela ikusten dugulako". Izagirrek "inor bazterrean utziko ez duen Gipuzkoa" aldarrikatu du, eta ezinbesteko jo du horretarako "daukaguna era bidezkoan banatzea".

Bestalde, Izagirrek ohartarazi du Gipuzkoa ezaugarri desberdinetako herriz osatutako lurraldea dela. "Harri txikia, handiak, kostakoak, mendietakoak eta bailaretakoak. Guretzat Gipuzkoa ez da San Sebastian Region. Izena desegokia eta mingarria da gipuzkoar eta euskal herritar askorentzat".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.