EH Bilduk 73.664 boto eskuratu ditu Gipuzkoan, guztien %31,24, eta emaitza horrekin sendo agertzen da oraindik lurraldeko lehen indar politiko gisara, 15.000 boto baino gehiagoren aldearekin. Bigarren indarra EAJ da, botoen %24,56rekin. Donostian EH Bildu da lehen indar politikoa (13.670 boto, %21,37), baina gertu du orain EAJ (13.270 boto, %20,74).
Datorren urteko udal eta foru hauteskundeak jomugan, esan behar da bi koalizioek galdu dituztela botoak 2011ko emaitzekin alderatuta Gipuzkoan. Ez dago aldaketa handirik, baina jaitsiera handiagoa da EH Bildurentzat, orduko horretan Bilduk botoen %34,6 eskuratu baitzituen. EAJk Gipuzkoan eman ziren botoen %23,5 eskuratu zituen orduan.
PSEk 32.000 boto jaso ditu (%13,5), eta PP 20.000 botora ere ez da iristen (%7,91). Aipagarria da Podemos alderdiak 15.000 bototik gora eskuratu dituela (%6,36).
Datu orokorretatik haratago, baina, Gipuzkoan Europako hauteskundeetako ezustekoa Eibarren gertatu da. EH Bilduk irabazi ditu hauteskundeak, EAJren aurretik. Koalizioak 2.285 boto jaso ditu, eta jeltzaleek, 2.212. PSE hirugarren indar politikoa da, 1.955 botorekin.
Gainerakoan, Gipuzkoan EAJ aurretik geratu da Zarautzen, Hondarribian, Beasainen eta Azkoitian, eta PSE Lasarten eta Zumarragan, baina EH Bildu lehen indar politikoa da, besteak beste, Arrasaten, Oñatin, Bergaran, Pasaian, Errenterian, Hernanin, Andoainen, Urnietan, Oiartzunen, Ordizian, Lazkaon, Legazpian, Urretxun, Azpeitian, Zumaian eta beste hainbat herri askotan. Ibai Iriarte Tolosako alkateak jakinarazi duenez, Tolosaldeko herri guztietan irabazi du koalizioak.
“@ibaiiriarte: Tolosaldeko herri guztietan irabazi du EhBilduk, 28 herritatik 28tan. En todos los pueblos de la comarca de Tolosa ganó Bildu
— Ligodracir (@RLigodracir) May 25, 2014