Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek EH Bildu mehatxatu du. Laura Mintegi lehendakarigaiak herenegun adierazi zuen Espainiako Gobernua okerreko bidetik doala eta bake prozesu bat zer den ideiarik ez duela. Espainiako Kongresuko korridoreetan Fernandez Diazek adierazi du EH Bilduk «marra gorria» igaro duela, eta Estatuaren abokatuak zein fiskal nagusiak kontuan hartu beharko luketela. Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusiak eskaera aztertuko duela aipatu du.
Fernandez Diazen ustez, «hutsegite bikoitza» egin du Laura Mintegik; batetik, «beste behin ere ETA gaitzesteko aukera» galdu du, eta, bestetik, polizia operazioa deitoratu egin du. Legez kanporatze hipotetikoa gertuago dagoela deritzo Fernandez Diazek: «Lehen esan nuenkontagailu hori martxan jarri zela, eta orain bizkortu egin da».
Atxiloketen inguruan ere hitz egin du ministroak; haren ustez, «kolpe gogorra» eman zaio «aurretik ere mugatuta zegoen ETAren logistika egiturari». Haren esanetan, atxiloketek eraman beharko lukete ETAri barneratzea «garaituak» izan direla. «Eta hori onean barneratzen ez badute eta ez badira desegiten, estatuak indarrezbehartuko ditu, hortik zehar diren militanteak atxilotuta eta logistika egituren aurka kolpeak emanda», ohartarazi du.
Fernandez Diazek esan duenez, Espainiako Gobernuak inoiz ez dio utzi erne egoteari ETAren aurkako borrokani, eta Frantziako Gobernuarekiko elkarlana «ezin hobea» da, eta polizia operazioa «irekita» dago oraindik.
Galdutako frogak direla-eta
Izaskun Lesaka eta Joseba Iturbideren atxiloketaren ondoren, Frantziako Poliziak hoteleko aparkalekuan utzi zituen ustezko bi etakideei atzemandako frogak. Atxiloketa jarraitzen ari ziren kazetariek ikusi ahal izan zituzten froga horiek: besteak beste, argazki kamera bat, eskuko ordenagailu bat, motxila hutsak, memoria txartelak, balak, pistola bat eta nortasun agiri faltsu bat. Gainera, frogak esku artean izan zituzten, eta hori ikustean hoteleko arduradunek poliziei deitu zieten. Orain froga horien baliagarritasuna auzitan dago. Horren inguruan erabaki beharko dute epaileek. Frantziako Poliziaren iturrien arabera, ordea, «frogak baliogabetzeko arriskurik ez dago».
EH Bilduk «marra gorria» igaro duela esan du Fernandez Diazek
Barne ministroaren arabera, «azkartu» egin da orain EH Bilduren balizko legez kanporatzerako «kontagailua»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu