POLITIKA

EH Bilduk zentsura mozio bat hitzartzera deitu ditu PSN, Geroa Bai eta Ezkerra

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak, EH Bildu osatzen duten gainerako indarren izenean, gaur eguerdian aldarrikatu du zentsura mozioa dela "irtenbide bakarra" Yolanda Barcinaren ideiarik eta proiekturik gabeko gobernua desegin eta herritarrei hitza eskatzeko.

EH Bilduren agerraldia. I. URIZ, ARP
joxerra senar
2013ko urriaren 9a
16:21
Entzun

Horregatik, PSN, Geroa Bai eta Ezkerra taldeei “EH Bilduren prestutasuna” helarazi nahi izan diete zentsura mozio bat hitzartu eta aurkezteko. Koalizioak zehaztu du zentsura mozioaren helburu nagusia litzatekeela parlamentua desegin eta araudiak zehazten duen gutxieneko epean —bi hilabete inguru— hauteskundeetara deitzea.

Apirilaren hasieran, EH Bilduk beste zentsura mozio bat aurkeztu zuen, baina hura ez zen aurrera atera. PSNk EH Bildurekin negoziatzeari jendaurrean uko egin badio ere, koalizioak beharrezkotzat jotzen du urrats hori egitea. Haren ikuspuntutik, apiriletik PSNk iritzia aldatu eta hauteskundeak izateko beharra jendaurrean adierazten du orain. Era berean, UPNk zein Barcinak bozak aurreratzeko eskaerari emandako ezezko borobilak erakusten du “boterera lotu” nahi dutela.

Horregatik, EH Bilduk uste du unea iritsi dela beste zentsura mozio bat bideratzeko. Udaberrian Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak izaki, otsailera arteko epemuga lukete negoziazioetarako.

“Oposizioko indar guztien artean desberdintasun programatiko eta ideologiko ugari izan ditzakegu, baina egun Nafarroak bizi duen krisi instituzional, ekonomiko eta politikoak arduraz jokatzera behartzen gaitu”, azaldu du Zabaletak. Haren esanetan, Nafarroaren egoerari buruzko osteguneko saioan bost aldiz eskatu zieten PP ez beste alderdiek UPNri hauteskundeetara berehalakoan deitzeko.

Horregatik, beharrezkotzat jotzen dute ahal den guztia egitea herritarrei iritzia emateko eta “UPNren gobernuaren gaitasunik ezaren ondorioak” pairatzeari uzteko. EH Bilduren irudiko, 2011ko maiatzeko hauteskundeetatik gehiengoak aldatu egin dira, eta egungo gobernua iruzur batean oinarritzen da. Prentsaurrekoan izan dira Sortuko Txelui Moreno, EAko Miren Aranoa eta Maiorga Ramirez, Aralarreko Patxi Zabaleta eta Xabi Lasa eta Bilduko Bakartxo Ruiz.

PSN: Ziklo aldaketak "ez du atzera bueltarik"

Miguel Sanzek iragan astean zuzenean galdegin zion Yolanda Barcinari berriro ere PSNrekin akordioa hitzartzeko. Horren aurrean, Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak gaur esan duenez sozialistek iragarritako ziklo aldaketa "benetakoa" da eta "ez du atzera bueltarik". Jimenezi harrigarria egiten zaio Sanzek, "bere esperientziarekin" ez adieraztea gutxiengoan dagoen gobernu batek hauteskundeak  deitu behar dituela. "Kalitate demokratikoa adierazten duen jarrera da hori, eta hemen Nafarroan ez dago halakorik", aipatu du Jimenezek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.