Gipuzkoako Hauteskunde Batzordearentzat eta auzitegientzat «hautaezina» da Arnaldo Otegi EH Bilduko kidea, orain ere ezingo da aurkeztu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetar —koalizioak lehendakarigai hautatu zuen—, baina Otegik jakinarazi du kanpainan parte hartuko duela —«hori ezin dute eragotzi»—, EH Bilduren «ahots eta aurpegietako bat» izango dela aurrerantzean ere, eta uste du badaudela datorren legealdian legebiltzarrean era batera edo bestera aritzeko «aukerak». Hots, hala, EH Bilduren erreferente nagusietako bat izateko gero ere. Izan ere, eta hark azpimarratu du Donostian, Bateragune auziko inhabilitazio epaiak ez dio galarazten kargu publiko izatea. «Bitxia bada ere, ezin dut legebiltzarkide izan, baina bai gobernu kontseilari edo kargudun. Baten bat jurisprudentzia begiratzen hasiko da... Hala ere, ez dut pistarik eman nahi». Dena dela, aipatu du «une hauetan» bere «anbizio pertsonala» ez dela kargu batean egotea. «Gure jendeak nahi duen tokian egongo naiz».
Astearte arratsaldean jakin zen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez duela tramiterako onartu defentsaren babes helegitea, eta, beraz, Otegi ezingo dela egon hilaren 25ko bozetako zerrendetan. EH Bilduko hautagaiez eta arduradunez babestuta agertu da Otegi, Donostian. Han izan dira Miren Larrion Arabako zerrendaburua, Jasone Agirre Bizkaikoa eta Maddalen Iriarte Gipuzkoakoa, eta Pello Urizar, Rebeka Ubera, Oihane Zabaleta eta Oskar Matute. «Gu kolektibo bat gara eta oso lantalde prestatua dugu». Ez du iragarri EH Bilduk inbestidura saioan lehendakarigairik aurkeztuko duen, edo nor luketen hautagaia horretarako.
Espainiako Estatuko demokraziaren maila txarretsi du Otegik. Izan ere, «norbaitek ustekabean hartu al du Konstituzionalaren erabakia?». Neurria «Madrilen edo Ankaran» hartu den galdetu du, bide batez. Gainera, salatu du Konstituzionalak ez duela sartu nahi izan babes helegitearen edukietan. «Bestela, arrazoia eman beharko zigukeen». Azaldu du bere abokatua Europara jo edo ez aztertzen ari dela, baina «irekita» daudela aurrera egiteko. Halaber, gogoratu du Bateragune auziko epaiaren aurkako helegitea Europako Giza Eskubideen Auzitegian dagoela.
Burujabetzaren beharra
Espainiako Estatua, dena delako estamentuen bidez, euskal gizartearen bizitzan sartu-sartua ikusten du Otegik, zernahi erabakiz, eta, haren iritziz, Konstituzionalaren azken erabakiak garbi uzten du ez duela «merezi» han jarraitzea. «Erabaki hau beste arrazoi bat da gure burujabetza eta askatasuna aldarrikatzeko», adierazi du, eta erantsi halako adibideekin ere ikusten dela «zer autogobernu maila» dagoen Hego Euskal Herrian. Burujabetzan aurrerapausoak emateko, ordea, ezinbesteko deritzo «ezker independentista indartsu» agertzeari EAEko datozen hauteskundeetan, eta iragarri du kasu horretan datorren legealdia, «azkeneko biak bezala», ez litzatekeela «galduko». «Legealdiak aukerak emango ditu akordio zabalak egiteko». Arlo soziala —murrizketarik ez— eta «erabateko bakea» dira EH Bilduren programako beste bi lehentasunak. «Proposamenak badauzkagu, baina zain gaude baten batek erantzuteko».
Iritzi dio «herri honek eta gogo eta borondate demokratikoa» duela etorkizuna erabakitzeko. «Beraz, berriro diot: estatuak arazoa ez du Otegirekin. Ezta sigla jakin batekin ere. Euskal Herriarekin dauka arazoa estatuak. Herri honen etorkizuna ez da sententzia judizialetan idatziko, baizik eta hemen lan egiten dutenek eta bizi direnek idatziko dute».
«Jendeari lasaitasunerako mezua» helarazteaz gain, dei egin dio kanpainan EH Bilduren ekitaldietan parte hartzera; hasteko, gaur Bilbon, Areatzan (20:00).
Beste lehendakarigaiak
Beste alderdietako Jaurlaritzako lehendakarigaiak ere mintzatu dira Otegiri ezarritako debekuaz. «Ez genuen egoera honetara iritsi behar. Inoiz ez zuen gertatu behar Bateraguneko kasuak», esan du Iñigo Urkullu jarduneko lehendakari eta EAJren lehendakarigaiak, baina ez du balorazio gehiagorik egin. Kanpainari heldu dio. «Konstituzioanalaren erabakiaren ondoren, hasi da kanpaina. Indar guztiek proiektuak, programak eta proposamenak aurkezteko aukera dute, eta ni saiatuko naiz ideiak ardatz dituen kanpaina bat egiten», adierazi du EAJren programaren aurkezpenean, Gasteizen. Andoni Ortuzar EBBko presidentearen aburuz, «ezker abertzaleak beti oso ongi erabili du biktimismoa».
Pili Zabala Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiaren iritziz, «akats politikoa» da Otegik aurkezteko zigorra izatea. «Konstituzionalak ez du aprobetxatu aukera Bateragune auziko sententzia okerra zela ozen esateko. Denok dakigu oker bat izan zela. Ez du arazoa errotik aztertu».
Idoia Mendiarentzat (PSE-EE) ez da «ustekabea» izan erabakia. «Guk ez dugu esan behar nor aurkeztu behar den eta nor ez. Hauteskunde legeek diote hori. Hautagaiok baldintza berak bete behar ditugu». Alfonso Alonsok (PP) ontzat jo du auzitegiaren debekua, «baina eskandalu bat da gizarteak ez baztertzea Otegi bezalako kriminal batek ibilbide politikoa egin ahal izatea».
ELAren ustez, «erabaki politikoa da, ez judiziala», eta «normalizazioa eskuratzeko oztopo guztiak gainditu behar dira».
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak
EH Bilduren erreferente nagusietako bat izaten jarraituko du Otegik
Konstituzionalak legebiltzarkide izatea eragotzi arren, EH Bildukoak dio kanpaina egingo duela eta «aukerak» ikusten dituela etorkizuneko jarduerarako. "Irekita" azaldu da debekua Europan salatzeko. [youtube]https://youtu.be/qZOX4t1IADQ[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu