EH Bilduk uste du Euskal Herriak badituela krisialdi ekonomikoari aurre egiteko baliabideak, baina horiek «ondo kudeatu ahal izateko» independentzia beharrezkoa dela. Hala adierazi die CCOO sindikatuko arduradunei, haiekin Bilbon eginiko bilera batean; Unai Sordo idazkari nagusia ere tartean zen. «Esan diegu egungo egoerak behartzen gaituela burujabetza gehiago exijitzera, beste eredu ekonomiko eta sozial bat eraikitzeko gure tresnak behar ditugulako», adierazi du Oskar Matutek, koalizioko hautagaiak.
Euskal Herriko egoera sozioekonomikoa aztertzeko egin dute bilera, Laura Mintegi lehendakarigaiak azaldu duenez. «Gure bidea da, siglen gainetik, bat egiteko eremuak sortzea, akordioak iristeko elkarrizketa guneak sortzea». Jakinarazi du, halaber, gisa horretako bilera egiten jarraituko dutela datozen egunetan, «egoera sozioekonomikoaren inguruko proposamen eta iritziak partekatzeko eragileekin».
CCOOrekin atzo eginiko bileraren aurretik, Info7 irratian izan zen Mintegi atzo, eta han antzeko mezua eman zuen. EH Bilduren «lehen, bigarren eta hirugarren lehentasunak» enplegua sortzea dela nabarmendu zuen, baina helburu hori lortzeko Euskal Herriak bere buruaren jabe izan behar duela azpimarratu zuen.
Horren harira, esan zuen dirua egon badagoela baina hori «ondo banatu» behar dela eta «dagokion lekuan» jarri behar dela. Horretarako, Espainiarekin «hautsi» behar dela adierazi zuen EH Bilduko lehendakarigaiak. «[Kontzertu ekonomikoaren] Kupoa dela eta, 300 milioi baino gehiago ematen ditugu urtean, eta 300 milioi jasotzen ditugu». Espainiako Estatuari «emandako» dirua eta handik jasotakoa, besteak beste, azpiegitura handiak finantzatzeko erabiltzen dela salatu zuen, eta, burujabe izanda, diru hori beste politika batzuk egiteko eta bereziki enplegua sortzeko erabil daitekeela nabarmendu zuen. «Ezin ditugu lotura hauek mantendu, hondamendia delako guretzat».
Era berean, EH Bilduren politiken oinarria «pertsonen ongizatea» eta parte hartzea dela nabarmendu zuen Mintegik, eta lehentasunak gizarte zerbitzuak, hezkuntza eta osasuna direla. Eremu horiek finantzatzeko diru sarrerak nondik lortuko lituzkeen galdetu ziotenean, Mintegik hainbat neurri proposatu zituen: bereziki, azpiegitura handiak gelditzea, zerga erreforma egitea—gehien dutenak gehiago ematea eta aberastasun handien gaineko zerga bat ezartzea— eta iruzurraren aurkako borroka indartzea. Enplegua sortzeko neurriei dagokienez, besteak beste, proposatu zuen 35 lanorduko astea, «dagoen lana banatzeko».
Jeltzaleen «kontraesanak»
EAJk igandean eginiko Alderdi Egunaz ere mintzatu zen Mintegi. Iñigo Urkullu lehendakarigaiak eginiko adierazpenetan independentzia hitza aipatu ez izanak ez zuela harritu esan zuen, «jeltzaleek egun batean gauza bat eta hurrengo egunean beste bat esaten dutelako». Mintegiren arabera, EAJko zuzendaritzaren ikuspegia ez dator bat haren oinarriekin; hori hala, «nazioartetik datozen haize independentistekin» bat egiteko eskatu zien EAJko buruzagiei.
Halaber, Mintegik gogoratu zuen urriaren 13an Barakaldon, BECen, egingo duela koalizioak kanpainako ekitaldi nagusia, InBECendentzia lelopean.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea
EH Bildurentzat, beharrezkoa da independentzia, «eredu berri bat martxan jartzeko»
Laura Mintegi lehendakarigaiak uste du dirua badagoela baina «dagokion lekuan» jarri behar dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu