Espainiako Auzitegi Gorenak herenegun EAE-ANV legez kanpo utzi zuen, atzo Auzitegi Nazionalak utzi zituen hala Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasuna, eta gaur berriro Gorenaren txanda izan da: EHAK utzi du Espainiako legetik kanpo. Beste erakunde haiekin egin bezala, EHAK desegiteko eta alderdi politiko haren ondasun denak likidatzeko agindua eman du. “Erakunde terrorista” delako legez kanporatu du Auzitegi Gorenak EHAK.
Irailean egin zuten auzi saioa, eta epaia gaur eman dute epaileek. Atzo hasi ziren alderdi politiko haren defentsaren alegazioak aztertzen. ANVren kasuan gertatu bezala, beraz, nahikoa izan dute egun bat ondorioa plazaratzeko.
Legez kanporatzea gaur heldu den arren, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak aurtengo otsailaren 8an EHAKren -eta ANVren- jarduera politiko denak eten zituen.
EHAK behin izan da hauteskundeetan: 2005eko apirilaren 17an, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bozetan. Espainiako Justiziak Batasuna legez kanporatu eta Aukera Guztiak baliogabetu ondoren parte hartzea erabaki zuen EHAK-k, “hauteslego ezkertiar eta abertzaleari aukera ematearren”, eta bederatzi legebiltzarkide eta 150.644 boto lortu zituen. Laugarren indarra izan zen.
Juan Jose Ibarretxek (EAJ) hari esker lortu zuen hirugarrenez Eusko Jaurlaritzako lehendakari izatea. Izan ere, bozketan 34 boto bildu zituen (EAJ 22ak, EAko zazpiak, EBko hirurak etaEHAK-ko bi) eta Patxi Lopez PSE-EEko hautagaiak 33 (PSE-EEko 18ak eta PPko 15ak).
EAEko bozen ondoren EHAK-k Ezker Abertzalea (EAB) izena hartu zuen legealdirako.
EHAK ere legez kanpo utzi du Auzitegi Gorenak
EHAK legez kanporatzea erabaki du Espainiako Auzitegi Gorenak. Atzo hasi ziren epaileak defentsaren alegazioak aztertzen eta gaur jakinarazi dute erabakia. Auzitegiek herenegun EAE-ANV utzi zuten legez kanpo, eta atzo Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu