Donostian egingo dute aurten Euskaraz Bizi Eguna, martxoaren 17an. Lehenengo bi ekitaldiak Etxarri Aranatzen (Nafarroa) eta Gernika-Lumon (Bizkaia) egin ondoren, hiriburu batean egingo dute aurreneko aldiz Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak antolatzen duen festa. Normalizazioan urrats bat harago joateko beharra defendatu dute.
Igone Lamarain, Unai Larreategi eta Jexux Arrizabalaga EHEko kideek atzo aurkeztu zuten aurtengo ekitaldia. Iazko otsailean Donostian egin zuten manifestazioan ereindako hazia ernalduz, «urrats bat haratago» egiteko asmoa plazaratu zuten. Jaia eta aldarrikapena uztartuko ditu Donostiako ekitaldiak. Bulebarretik Euskalduna naiz eta harro nago! lelopean hasiko den manifestazioa izango da eguneko ekitaldi nagusia. Baina, horrez gain, goizetik gauerako egitarau oparoa osatu du EHEk. Donostiako Parte Zaharrean, kale animazioa, haurrentzako ikuskizunak, azoka, herri bazkaria, kontzertuak, eta abar izango dira. Zehaztapen guztiak otsail erdialdean jakinaraziko dituzte, aurkezpen ekitaldian.
Lamarainek adierazi zuen euskara eta euskalduntasuna eztabaida politikoaren erdigunera eraman behar direla. Lana lehenik eta behin etxetik egin behar dela azaldu zuen: «Euskararik gabe Euskal Herririk ezin dela eraiki benetan barneratu, eta abertzaletasunaren parean euskalduntasuna jartzea dagokigu independentistoi». Halaber, hizkuntz politika aldatzeko beharra azpimarratu zuen, euskarari lehentasuna emango dion legedi bat eskatzearekin batera. Datozen asteotan manifestaziorako atxikimenduak biltzeko kanpaina hasiko dute.
EHEk martxoaren 17an egingo du Euskaraz Bizi Eguna, Donostian
Egitarau oso bat prestatu dute; manifestazioa egingo dute, 'Euskalduna naiz eta harro nago' lelopean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu