EHU Euskal Herriko Unibertsitateko sektore guztiek aho batez baztertu dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak unibertsitate irakasleen ebaluazioa egiteko proposatu duen dekretua. Irakasleen lana ebaluatzeko orduan, Unibasq unibertsitate zentroetako ebaluazioa egiteko ardura duen agentziak —Uniqual ordezkatu du— ez du euskararen ezagutza meritu gisa hartukoirakaskuntzan, ikerkuntzan eta argitalpenetan.
Hezkuntza Sailak atzo aurkeztu zien dekretua Unibertsitateen Euskal Kontseiluari eta Unibertsitate Irakaskuntza Publikoaren Koordinazio Kontseiluari, eta azken horretan ordezkatuak dauden unibertsitateko sektore guztiek desadostasuna agertu zioten dekretuari.
Koordinazio Kontseiluan, Jaurlaritzakosei kiderekin batera—atzo bi bakarrik egon ziren—, ordezkatuak daude EHUko errektore taldeko bi kide —Iñaki Goirizelaia errektorea eta antolakuntza akademikoko errektoreorde Carmen Gonzalez Murua—, Gobernu Kontseiluko bi partaide—Aitor Agirre eta Lidia Rekagorri— eta Gizarte Kontseiluko beste bi —Paulino Corchera eta Iñaki Gonzalez—. Horien artean daude irakasleen, ikasleen eta administrazioko langileen ordezkariak.Koordinazio Kontseiluaren iritzia erabakigarria ez bada ere, Hezkuntza Sailaren dekretuaren kontrako iritzia agertu zuen atzoko bileran. Aho batez, gainera.
Gonzalezen iritziz, Hezkuntza Sailak «kanpotik» eragin nahi du euskararen normalizazioak unibertsitatean egin dezakeen aurrerapenean. «Unibasqek unibertsitaterako edozein pertsona kontratatzeko egiaztagiria egin behar du, eta euskara meritu gisa baloratzen ez badu, oztopatu egiten ditu EHUn, Mondragon Unibertsitatean edota Deustuan euskararen normalizazioaren bidean egin daitekeen lana».
Urtarrilaren 24an Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak Unibasqeta agentziaren estatutu berriak aurkeztu zituen, eta ebaluazioa «independenteagoa» egiteko bidean, irakasle eta ikertzaileen lana balioetsiko duten ebaluazio batzordeetako kide guztiek euskal unibertsitate sistematik kanpokoak izan behar dutela nabarmendu zuen. «Orain arte irakasleak ebaluatzeko euskaldun gutxi zeuden, eta, hemendik aurrera, zailagoa izango da ebaluatzaileen artean euskaldunak izatea. Eta irakasleek, jakinda beren euskarazko lanak ulertuko ez dituztela eta ebaluatzaileentzat itzuli egin beharko dituztela, bada, askotan gaztelaniaz aurkeztuko dute», dio Gonzalezek. Neurri horrekin, Hezkuntza Sailak batez ere doktorego tesietan eta ikerkuntzan eragin nahi duela dio: «Unibasq tresna garrantzitsua da irakasle euskaldunak desmotibatzeko. Euskara ez delako meritua izango irakaskuntzan baina, batik bat, ikerkuntzan».
Lurgorri ikasle elkarteak ere arbuiatu egin du Eusko Jaurlaritza unibertsitate esparruan garatzen ari den euskara politika. Elkarteak atzoko bileraren ostean komunikabideetara igorritako oharrean dio dekretuak «euskararen normalizazio prozesuaren hasierara» eramango duela unibertsitatea. «Eusko Jaurlaritzak argi eta garbi zigortzen du euskaraz irakasten eta ikertzen duen irakasleria, meritu hori aintzat hartu beharrean», adierazi du Aratz Castro Lurgorriko kideak.
EHUk ez du onartu irakasleak ebaluatzeko dekretua
Jaurlaritzak euskararen ezagutza ebaluaziotik kentzearen aurka azaldu da unibertsitateko koordinazio kontseilua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu