EHUk lanaldi osoko ordezkapenak murriztu dituela salatu dute

Irakasleek eta ikertzaileek elkarretaratzea egin dute Bilbon, eta errektoretza taldeari eskatu diote prekarizazio asmoak zuzentzeko

Ordezkoen elkarretaratzea, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA/ FOKU.
Markel Garzon Goitia
Bilbo
2023ko uztailaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleek eta ikertzaileek elkarretaratzea egin zuten atzo goizean Bilbon, Bizkaia aretoaren aurrean, barruan klaustroa bilduta zegoela baliatuta. Salatu zuten EHUko errektoretza taldea «era murritzean» aplikatzen ari dela martxoan indarrean sartu zen Espainiako Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren (LOSU) 80. artikulua. Horren bidez irakasleen eta ikertzaileen lanaldi osoko ordezkapenak «desagerraraztea» egotzi zioten.

«Prekaritatea gelditu». «Baldintza duinak ordezkoentzat». Oihu horiekin ekin zioten elkarretaratzeari. Aldaketen ondorioz, ordezkoek hilabetean 800 euroko soldata jasotzen dute gehienez. EHUn ordezko irakaslea da Galder Sierra Zapirain, eta azaldu zuen egoerak irakasle guztiei kalte egin diezaiekeela: «Egoera jasanezina izango da, bai ordezkoentzat, bai irakasle guztientzat, gerta baitaiteke jendeari lan poltsatik deitzen diotenean horrelako eskaintzei uko egitea». Egoera ikusita, hurrengo ikasturtea «problematikoa» izateko arriskua dagoela adierazi zuen Sierrak. Hori gerta ez dadin, errektoretza taldeari eskatu zion atzera egiteko eta lanaldi osoko kontratuei eusteko.

Ikasleen arautegi berria

Bitartean, Bizkaia aretoan,EHUren klaustroak ikasleen arau hausteei eta zigorrei buruzko araudi berria onartu zuen. Hiru mailatan sailkatzen ditu arau hausteak: oso larriak, larriak edo arinak izan daitezke. Jokabide hauek hartuko dira «oso larritzat»: hasiberrien txantxak, indarkeria fisikoa eta hitzezkoa, sexu jazarpena, EHUren ondare historikoa edo kulturala suntsitzea eta plagioa. Larrienak ikaslea unibertsitatetik aldi baterako kanporatuz zigortu daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.