HEZKUNTZA

EHUk zentro atxiki gisa onartuko du UEU, eta irakasle masterra 'online' emango du euskaraz

Eskari handiko masterra da, derrigorrezkoa baita Bigarren Hezkuntzako irakasle izateko. BERRIAk jakin duenez, 120 postu eskainiko dituzte Internet bidez ikasketak egiteko. Horretarako prozesua hasi du EHUk: UEUk sortutako institutua zentro atxiki gisa hartuko du.

EHUren Leioako campusa, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko azaroaren 13a
07:12
Entzun

Euskarazko online heziketan urrats bat egingo dute EHU Euskal Herriko Unibertsitateak eta UEU Udako Euskal Unibertsitateak. EHUko gobernu kontseiluak bilera egin du, eta adostasun zabalez prozedura hasi du zentro atxiki gisa hartzeko UEUk online irakaskuntzarako sortutako institutua. Aldeko 31 boto izan ditu proposamenak, eta sei aurkako.

Nekane Balluerka errektoreak hauteskunde programan sartua zuen UEU zentro atxiki gisa hartzeko proposamena, eta, zehazki, irakasle izateko masterra eskaintzea online. EHU eta UEU gaur egun ere jarduten dira lankidetzan, graduondoak eskaintzen.

Denbora daramate irakasle masterraren egoera aztertzen bi aldeek. Eskari handikoa da irakasle masterra, derrigorra baita Bigarren Hezkuntzako irakasle izateko. EHUk 240 postu eskaintzen ditu, baina urtero 700-900 eskari jasotzen ditu. Horrek dakar, beraz, ikasle gehienak kanpoan geratzea; horietako asko beste unibertsitate batzuetara joaten dira masterra egitera, gehienetan erdaraz. BERRIAk jakin duenez, online irakaskuntzaren bidez, 120 postu eskainiko dituzte masterra egiteko, hiru espezialitatetan: hizkuntza eta literatura, humanitateak eta gizarte zientziak, eta natur zientziak eta matematika. Arlo horiek dute, hain justu ere, eskaririk handiena, unibertsitateko arduradunen esanetan.

Euskarazko online ikasketak garatzeko proposamen zabalagoa ere egina du UEUk, graduko ikasketak ere kontuan hartzen dituena, baina oraingoz ez dio horri atea ireki EHUk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.