EHUko hamahiru ikasle epaituko dituzte bihar, Bilbon

Desordena publikoa egotzi diete, 2008ko urtarrilean Leioako campusean egindako protesten harira

Erredakzioa
Bilbo
2012ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Lau hilabeteko espetxe zigorra, desordena publikoa eragiteagatik. Horixe eskatzen du fiskalak, bihar Bilbon epaituko dituzten EHU Euskal Herriko Unibertsitateko hamahiru ikasleentzat. 2008ko urtarrilean Bolognako prozesuaren aurkako protestetan parte hartu zuten. Klaustroa eten zuten hainbat ikaslek. Istiluak izan ziren protestaren harira, eta, ondorioz, hamahiru ikasleok auzipetu egin dituzte.

Ikasle Abertzaleek babesa agertu nahi izan diete bihar epaituko dituzten ikasleei. Epaiketa bertan behera uzteko eskatu dute, eta EHU bera jo dute epaiketa horren erantzule nagusi. «EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak baimendu baitzuen Ertzaintza campusean sartzea eta ikasleen kontra oldartzea», nabarmendu dute IAko kideek. Unibertsitateari bere ikasleen alde egin dezala eskatu diote.

«Eskubideak urratzen»

Leioako campusean «eskubide zibilak eta politikoak urratzen» direla salatu dute Ikasle Abertzaleek. Bertze hainbat unibertsitatetan berdin gertatzen dela gaineratu dute. Hori dela eta, kamerak kentzeko eta «segurtasun indar pribatu eta publikoak» desagertzeko exijitu dute, «ikasleon kontrako erasoak bazter utzi ahal izateko».

2008ko gertaerak, hain zuzen ere, ikasleen kontrako erasotzat jo dituzte Ikasle Abertzaleek. 2007an ere ertzainak EHUko campusera sartu zirela gogora ekarri dute. 2007ko abenduan klaustroaren bilera eten egin zuten 250 ikasle inguruk. EHUko ikasleentzako barne araudia aldatzeko eztabaida egiten ari ziren, eta aldaketa horien aurkako iritzia agertu zuten ikasleek haien protestaren bidez. Ertzaintza unibertsitatera sartu zen, eta istiluak gertatu ziren.

2008ko urtarrileko protesta modu berean amaitu zen, ikasleek, berriz ere, klaustroaren bilera eten eta gero. Ertzaintzaren oldarraldia salatu zuten ikasleek orduan, eta salaketa hori berretsi dute orain, gaur eginen den epaiketaren harira. Unibertsitateak hitz egin ordez auziak Poliziaren esku uztea «nahiago» duela salatu dute Ikasle Abertzaleek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.