Aurrekontua murrriztearen ondorioz EHU Euskal Herriko Unibertsitateak hartuko dituen neurriei buruz hitz egiteko, ezohiko klaustroa bildu zen atzo. Baina ez zuen erabakirik hartu. Mozio bat aurkeztua zuen UGT sindikatuak, unibertsitatearen zerbitzu publikoaren alde, eta bigarren puntuan eztabaidatzekoa zen. Baina ikasleek, LAB sindikatuak eta EILASeko eledunak ez zuten parte hartu mozioaren bozketan; bozketa egiteko beharrezko zen quorum edo gutxieneko partaide kopururik gabe gelditu zen klaustroa, eta gelditu zirenek ezin izan zuten mozioa bozkatu.
LAB sindikatuko Gabi Elkoroaristizabalek azaldu du zergatik ez duten parte hartu mozioaren bozketan: «Zalantza asko genituen klaustroaren erabileraz». Gogorarazi du aurten hauteskundeak direla errektoretzarako, eta «sektore batzuk» kanpaina horretan sumatzen ditu LABek. Klaustroa bai egin beharrekoa zela iruditzen zaio LABi; baina organo horrek ez duela EHUren aurrekontuen gainean batere eskumenik adierazi du Elkoroaristizabalek. Atzoko ezohiko klaustroak, beraz, murrizketei eta zerbitzu publikoari buruz eztabaidatzeko foroa izan behar zuela uste du, ez mozioak bozkatzeko ordea.
Horrela, ezer erabaki gabe gelditu da klaustroa, eta bihar egingo den Gobernu Kontseiluari begira. Bihar erabakiko baita aurrekontua, eta hor argituko baita zeintzuk izango diren murrizketak —iaz baino hamabi milioi euro gutxiago ditu EHUk—.
LABek adierazi du «presioaren eta mobilizazioaren eraginez» murrizketa batzuk egiteko asmoan atzera egin duela EHUk. Adibide gisa aipatu ditu neurriok: aldi baterako elbarritasunen %100 osatzen jarraitzea, enplegu kopurua mantentzea, 60 urtez gorako langileen lan orduen murrizketa mantentzea eta 60 kontratu berri egitea. Mobilizazioak, beraz, beharrezkoak izango direla ohartarazi du Elkoroaristizabalek; eta beste ohar bat ere utzi du: «Erasoa orokorra da, Madrildik eta Jaurlaritzatik, eta murrizketei ezin diegu aurre egin unibertsitatetik soilik». Martxoaren 29ko grebara eta larunbateko manifestaziora deitu du, horregatik.
EHUko klaustroak ez du ezer erabaki murrizketei buruz
Ezohiko bilera zen atzo, baina quorumik ez, eta bozkatu gabe utzi zuten mozioa; aurrekontua bihar erabakiko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu