Donostiako Miramar jauregian inauguratu dute Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroen 35. edizioa. Bertan izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea, Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Eneko Goia Donostiako alkatea. Irekiera hitzaldia, nazioarteko gatazketan aditua den Mariano Agirrek eman du, Gatazkak eta identitateak. Euskadirentzako bake eta adiskidetze marko global bat izenburupean. Agirre Bakearen eraikuntzarako Norvegiar Zentroaren zuzendaria eta Amsterdameko Transnational Institute-ko ikertzailea da.
Gaurko ekitaldiarekin abiatuko dira EHUk udarako antolatutako ikastaro, jarduera eta abarrak. Besteak beste, euskal gatazkaren ibilbidea egunkarietako bineten bidez aztertu duen ikastaroa: Komunikabideak, gatazka eta bizikidetza: tirabirak binetetan. EMAN ikerketa taldeak egin du azterketa, eta Donostiako kultur hiriburutzaren testuinguruan erakusketa bat antolatu dute. Ikastaroa ekainaren 29tik uztailaren 1era bitartean egingo dute Miramar jauregian, euskaraz (egitaraua).
Patxi Azpillaga EHUko irakasleak BERRIAri azaldu zionez, prentsan argitaratutako zintek euskal gatazkaren giroa "lasaitzen, edota pixka bat tentsioa jaisten" lagundu dutela erakutsi nahi du erakusketak. Ikastaroak hurbilketa artistikoa, mezu politiko jakinak zabaltzeko moduak, prentsa idatziak eta, bereziki, binetek gatazka egoeratan egin beharreko ekarpenari buruzko hausnarketa etikoa, besteak beste, izango ditu mintzagai.