EHUren Leioako campusera (Bizkaia) heldu aurretik, ibilgailuen zirkulazioa moteltzen hasten da, nabarmen; hainbat norabidetatik datozen auto ilara handiak pilatu egiten dira, eta aparkalekuak bete-beteta ageri ohi dira campus barruan; automobilak, berriz, astiro-astiro ibiltzen dira. Eskerrak atzo ostirala zen eta ikasle askok klaserik ez zuten; aste barruan Brian de Palma zuzendariaren Mission: Impossible filmeko protagonistarentzako desafioa baitirudi bertan txoko bat aurkitzeak.
Ostirala izanda ere, puntako orduetako autobusak beteta zihoazen atzo; 08:30 ziren Gernikatik Leioako EHUko campusera doan autobusean, eta apenas zegoen esertzeko lekurik bidaiarientzat. «Aste barruan okerragoa da: goizeko zazpietako autobusa gainezka joaten da, jendeak eskaileretan eseri behar izaten du, eta asko zutunik joaten dira», hara Maider Zarrabeitia Kimikako ikaslearen azalpenak.
08:00etako autobusa berandutzen ez bada, 09:00 inguru heltzen da unibertsitatera; eskolak, berriz, 09:00etan hasten dira. Horra hor arazoa: autobusetik eskolarako bidea egin beharra dago, eta ez dago garaiz heltzerik. Iñaki Zabaleta irakaslearen aburuz, egoera kaskarra da: «Autobusak ez dira klasera garaiz heltzeko modukoak; maiztasun txikia dute, garestiak dira, ordutegia txarto antolatuta dago eta, gainera, autobus gutxi dago». Zabaletaren arabera, autobus zerbitzuaren eskasiak ikasleen arretan eragiten du: «Erlojuari so ibiltzen dira». Autobusera ez heltzearen beldur igartzen ditu usu. Irakaslearen ustez, Bilbokometroa egin zutenean, unibertsitatera ez heltzea oker «izugarria» izan zen. «Orduko politikarien oker estrategikoaren ondorioak pairatzen ari gara».
Automobilean
Aingeru Genaut irakasleak, aldiz, ez du bere eskoletan egoera horren guztiaren aparteko eraginik igarri: «Ikasleak arazoa konpontzen saiatzen dira, eta garaiz heltzeko aurreko autobusa hartzen dute».Beste ikasle asko, berriz, autobusekin arazoak saihesteko, eskolara autoz joaten dira. Horrek aparkatzeko arazo handiak eragiten ditu. Campusean, gainera, obrak egiten ari dira, eta horrek oraindik ere gehiago zailtzen du egoera: ez dago ibilgailu guztientzako lekurik aparkalekuetan.
«Ordu erdian ibili naiz aparkatzeko leku bila», arazoen berri argi eman du Ainhoa Duñabeitia Kazetaritzako ikasleak. Aspaldi erabaki zuen unibertsitaterako bidea automobilean egitea. «Igorretik hona autobus bi hartu behar nituen; lehenengo Bilbora joan, berton bigarren autobusaren zain egon, eta handik hona, Leioara. Ordu bi inguru behar nituen unibertsitatera heltzeko; automobilean, aldiz, hogei minutuan heltzen naiz».
EHUn, autobus zerbitzu eskasa
Ikasleak eta irakasleak kexu dira Leioarako garraio zerbitzua urria delako eta aparkatzeko arazoak, berriz, ugariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu