Mati Iturralde eta Miren Arana medikuek eta Iñaki Zugadi eta Haizea Ziluaga abokatuek azaldu dute zertan den legea betetzekotan kalera atera beharko luketen presoen egoera. Esan dutenez, 24 dira gaixotasun larri eta sendaezinak dituztenak; horietatik hamasei agertzen dira argitara atera den zerrendan, eta beste zortzik nahiago izan dute euren egoera publiko ez egitea, arrazoi pertsonalak direla medio. "Hala ere, Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak eta Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak ongi dakite zein diren kasu hauek", zehaztu dute. 24 horietatik hamabi inguru "hil ala biziko egoeran" daude.
Adinez nagusiak diren presoei dagokienez, 70 urte baino gehiagoko hiru preso daude, beste hamahiruk 65 urte baino gehiago dituzte, eta hemeretzik, 60 urte baino gehiago. Zigor osoa bete behar izanez gero, 11 preso iritsiko lirateke 70 urte izatera espetxean atxikitzen dituzten bitartean.
Zugadik eta Ziluagak azaldu dutenez, kasu horietan guztietan legea "oso argia" da, eta egoera horretan dauden presoak kaleratzeko aukera jasotzen du: gaixo handi diren presoen kasuan, espetxe arautegiaren 100.2 eta 104.4 artikuluetan, eta Zigor Kodeko 91. artikuluan; eta adinez nagusiak diren presoen kasuan, Zigor Kodeko 36.3 artikuluan. Hala ere, orain arte bideratutako eskaera guztiek ezezko erantzuna jaso dute, edo oraindik ebatzi gabe daude: zenbait preso eriren kasuan, itxaronaldi hori urtebete baino gehiagokoa izaten ari da.
Betetako zigorrari dagokionez, 98 euskal presok zigorraren hiru laurdenak bete dituzte, eta datozen bi urteetan beste 31 preso aurkituko dira egoera berean. Normalean zigorraren amaierara iristen diren presoek kalera irteteko aukera izaten duten arren, euskal presoen kasuan ez da hori gertatzen graduen sailkapena "modu zitalean" erabiltzen delako: euskal preso ia guztiak lehen graduan atxikitzen dituzte, eta horrek ezinezko egiten du baldintzapeko askatasuna erdiestea, zigorraren zatirik handiena beteta izan arren.
Emakume presoen egoera nabarmendu nahi izan dute bereziki mediku eta abokatuek. Esan dutenez, hamabi emakume preso daude bakarturik urteak eman dituztenak, eta zortzi dira seme-alaba adingabeak dituztenak. Lauk hiru urte baino gutxiagoko umeak dituzte, eta haiekin bizi dira Picassent (Herrialde Katalanak) eta Aranjuez (Espainia) kartzeletan, baina hiru urte betetakoan umeak banandu egingo dituzte amengandik: "Haur hauek, 24 orduz amarekin egotetik, ehunka kilometroko bidaia egin behar izatera pasatuko dira, hilabetean ordu gutxi batzuk elkarrekin egon ahal izateko", esan dute.
Bestalde, Bagoazek gaur jakinarazi du bizikleta martxa egingo duela Orain presoak lelopean. Uztailaren 20tik 23ra egingo dute, Mont-de-Marsango espetxetik (Okzitania) Zaballakora (Araba).