Argazki koloreanitza eskaini du gaur goizean AEK-k Iruñeko Zentral kafetegi berrian. Euskaltegian aritzen diren ikasle zein irakasle talde handi batek, zein Nafarroako kultur, gizarte, politika eta kirol arloko pertsonalitate esanguratsuek bere babesa eman diote martxoaren 19tik 29ra Urepelen hasi eta Bilbon amaituko den Korrikaren 19. edizioari.
Euskal Herri euskalduna egiteko bidean, helduen euskalduntzean aritzen diren euskaltegiek egindako ekarpena gogorarazi du Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak. Azken urteetan euskarak 300.000 hiztun berri irabazi baditu heren bat AEK zein gainerako euskaltegien lanari esker izan dela nabarmendu du.
Aitzitik, lan hori babesteko politikak "ez-nahikoak" direla azpimarratu du Mugikak eta batez ere Nafarroako egoera "oso-oso larria" gaitzetsi du. Alizia Iribarren AEKren Nafarroako euskaltegien koordinatzailearen aburuz, aurretik ziren diru laguntza apurrak kentzeko Nafarroako Gobernuaren erabakiak "ezin ageriago" uzten du euskaltegien jarduna "itotzeko asmoa" duela. Politika horren aurrean, "ilusioz" jarduten dute, neurri handi batean gizartearen bultzadari esker: "Arnasa ukatu nahi digute, baina gure aberastasuna herritarren eta gizarte-eragileen babesa eta elkartasuna da", aipatu du Iribarrenek.
Babes horri bultzada berri bat emateko eskatu diote gizarteari, 12 euroren truke Korrikaren laguntzaile egiteko edo lantokian, familian, lagunartean zein elkarteetan batuta kilometroak erosteko. "Hauspo hori AEK-ko euskaltegien lanerako arnasa bilakatuko zaizkigu", azpimarratu du Asier Minondo. Hain justu ere, 19. edizioaren leloa Euskahalduntzea izango da.
Kanpainari babesa eman diote:besteak beste, Sortzen Ikasbatuaz elkarteko Sergio Iribarren eta Gari Torregrosa; AItor Etxarte NIZEko zuzendaria; Elkar argitaletxeko Patxo Abarzuza; EHEko Nestor Esteban; BIlduko Bakartxo Ruiz eta Miren Aranoa; Aralar NaBaiko Patxi Zabaleta; Geroa Baiko Patxi Leuza eta Itziar Gomez; Joseba Asiron EH Bilduko Iruñeko hautagaia; Euskalerri Irratiko Juan Kruz Lakasta eta Reyes Ilintxeta; Gaizka Aranguren, Sergio Labaien, Kike Diez Ulzurrun eta Alberto Barandiaran kazetariak; Iñaki Perurena; ELAko Mitxel Lakuntza...