Ehunka herritarrek AHTaren aurka protesta egin dute Altsasun

AHT eraiki beharrean, egungo azpiegiturak hobetzeko eta trenen maiztasuna handitzeko eskatu dute.

AHT
AHTaren aurkako protesta, gaur arratsaldean, Altsasun. AITOR KARASATORRE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko apirilaren 20a
20:38
Entzun

Bi eskaera nagusirekin bildu dira gaur arratsaldean ehunka herritar Altsasun (Nafarroa): batetik, AHTaren «txikizioaren» kontra egitea; bestetik, inguruko eskualdeak eta herriak lotuko dituen trena defendatzea. Hala azaldu zuten manifestazioaren berri eman zuten egunean: «Helburua da abiadura handiko trenek soilik erabiltzeko trenbide azpiegitura berriak eraikitzeko proiektuak geldiaraztea, eta gaur egungo tren azpiegiturak berritzea eta trenen maiztasuna handitzea, trena benetako garraiobide bihur dadin». 

Nafarroa Trenaren Alde, Araba Trenaren Alde eta Goierriko AHTrik Ez plataformek deituta egin dute mobilizazioa, Alternatibaren alde. Herritarron hitza errespetatu. AHTaren txikizioa gelditu lelopean. AHTaren aurka egitearekin batera, defendatu dute badaudela bestelako aukerak tren zerbitzua hobetzeko. Hain zuzen, duela urte eta erdi aurkeztutako alternatiba izan dute hizpide. Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, azterlan tekniko hori egungo bideen egokitzapenean eta hobekuntzan oinarritzen da, eta eragindako herrien eta  kontzejuen eskaerak jasotzen ditu. Gainera, haien esanetan, Espainiako Gobernuko Garraio Ministerioak proposatutakoa baino 2.000 milioi euro gutxiagoko kostua izango luke.

Iruditzen zaie beren proposamenak «abantaila handi bat» izango duela: «Trafiko mistorako erabil daiteke: bai salgaiak eta bai pertsonak mugitzeko. Era berean, abiadura handiko distantzia luzeko zerbitzua eta aldiriko eta eskualdeko trenak ere hartuko lituzke, eskaera guztia trenbide plataforma bakar batekin betez».

Gainera, alternatiba horretan jaso dutenez, denborei dagokienez ere ez da alde nabarmenik izango: Burgos (Espainia) eta Gasteiz lotuko duen lineak hamar minutu gehiago beharko lituzke; Gasteiz eta Iruñe arteko bideak, berriz, zortzi minutu gehiago. Beraz, itzal baino argi gehiago dituelakoan daude: «Trukean, aldirietako eta eskualdeetako konexioak hobetuko lirateke, geltoki guztiak berrituko lirateke eta beste batzuk ireki, geralekuak berreskuratuko lirateke eta ingurumen eragina askoz ere txikiagoa izango litzateke». Alegia, manifestazioaren antolatzaileen irudiko, egungo azpiegitura «modernizatzeari eta egokitzeari» esker, egungo trenek hobera egingo lukete segurtasunean eta lurperatzeak egiteko aukera ere planteatuko dute, adibidez Altsasun eta Agurainen (Araba), «hiri integrazio hobea» lortzeko.

Babes zabala

Antolatzaileen esanetan, mahai gainean jarri duten alternatibak badu babesa: «Gogorarazi nahi dugu Euskal Y-aren eta Iruñearen arteko loturak eragindako udalerrien %70 baino gehiago planteatutako alternatiba gauzatzearen alde daudela, herritarren artean gai honekin dagoen adostasun zabala islatuz». Horregatik: «Eskatzen dugu herritarren borondatea errespetatzea, trenbide azpiegitura berri bat eraikitzeko lan guztiak gelditzea eta planteatutako alternatiba aurrera eramatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.