Konponbideari begira

Ehunka lagun atera dira kalera asteleheneko polizia operazioa salatzera

Biharko manifestazioan biltzen den dirua Sareri emango diote, Guardia Zibilak eraginiko galerei aurre egiteko. Giza eskubideak. Bakea. Konponbidea lelopean manifestatzera deitu dute, Donostian, hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek.

Gaur eguerdian deitzaileek Gasteizen egin duten bilkura. RAUL BOGAJO, ARGAZKI PRESS
jon ordonez garmendia
2015eko urtarrilaren 16a
17:47
Entzun

ELAk eta LABek deituta, Baiona, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean izan dira bilkurak gaur asteleheneko polizia operazioa salatzeko. Langileok konponbidearen alde izan dute leloa, eta bide batez bihar Donostian egingo den manifestazioan parte  hartzera deitu dute.

Bilbokoan, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak CCOOri eta UGTri eskatu die "terrorismoaren aurkako ituna" uzteko, argudiatuz itun hori dagoela atxiloketen atzean. "Euskal gizartearen gehiengoari" batzeko eskatu die: "Gizarteak giza eskubideetan eta erabakitzeko eskubidean oinarritutakoa bake eszenatoki bat nahi du".

Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren albokoak espreski deitu du Donostiako manifestazioan parte hartzera "eskubide zibilak defendatu eta gatazkaren konponbidea eta aste honetan atxilotutako hiru lagunak askatzeko" eskatuz. 

Hurrengo hitzordua, bihar 17:00etan

Manifestazioaren berri asteartean bertan eman zuten deitzaileek. Astelehenean Guardia Zibilak euskal presoen hamabi abokaturen eta Herrira-ko lau langile ohiren aurka egin zuen operazioaren ostean, Giza eskubideak. Bakea. Konponbidea lelopean deitu zuten (adierazpena); hain zuzen, lelo horixe hartu zuten iaz Bilbon debekatu zuten manifestazioaren ostean deitu zutenean.

28 eragile politiko, sindikal eta sozialek antolatu dute. Haien artean dira Sortu, EA, Aralar, Alternatiba, Lokarri, Etxerat, ELA eta LAB. Iazko antzeko manifestaziotik bada hutsune garrantzitsu bat, hala ere: deitzaileen artean joan den urtean EAJ ere bazegoen; aurten, ez.

Manifestazioa 17:00etan abiatuko da, Antiguako tuneletik. Deitzaileek adierazi dute hor biltzen den dirua Sare herri ekimenari emango diotela. Joan den larunbatean Bilbon egin zen manifestazioa Sarek deitu zuen, baina han bildutako dirua Guardia Zibilak eraman zuen abokatuen kontrako operazioan.

Sarek astelehenean bertan jakinarazi zuen diru hori manifestazioak sortutako gastuei aurre egiteko zela eta, asteburuan banketxeak itxita egoten direnez, LABek gorde ziela astelehenera arte. Guardia Zibilak, baina, astelehenean lehen orduan abiatu zuen operazioa, eta dirua eraman. Sarek diru bilketa hasi du Bilboko manifestazioko gastuei aurre egiteko. LABek zuzeneko erasotzat jo zuen.

Abokatu guztiak aske geratu dira aste honetan bertan; ez, ordea, Herrira-rekin lotuta atxilotu zituzten hiru lagun. Fran Balda, Jon Mintegiaga eta Jabi Carbadillo espetxeratzeko agindua eman zuen epaileak.

[YouTube]http://youtu.be/t79V0UMZ-_4?list=PLoZ0YQH3O0uHIVriyiQWjtyH8Un82YbrB[/YouTube]

Polizia operazioak hainbat kritika jaso ditu egun hauetan. Tartean, Espainiako Abokatuen Kontseilu Nagusiak Auzitegi Nazionalean aurkeztu duen kexa nabarmentzen da. Erakunde horretako presidenteak gutun bat bidali dio Auzitegi Nazionaleko presidenteari, salatzeko defentsa eskubidea urratu ahal izan dutela.

Euskal Herriko hainbat abokatu ere kritiko mintzatu da

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.