gizartea

Ehunka lagunek eskatu dute Bermeon 'Alakrana'-ren bahiketa bukatzeko

Bermeo, Santurtzi, Sestao, Ondarroa eta Mundakako udalek deituta egin dute elkarretaratzea. Eusko Jaurlaritzako inor ez da izan. Urriaren 2an bahitu zuten atunontzia, Indiako Ozenoan.

2009ko urriaren 23a
15:23
Entzun 00:00:0000:00:00
Bermeo, Santurtzi, Sestao, Ondarroa eta Mundakako (Bizkaia) udalek deituta ehunka lagun bildu dira gaur eguerdian Bermeon, Alakrana herriko atunontziaren bahiketaren bukaera eskatzeko. Ontziko marinelei, horien senideei eta enpresari elkartasuna adierazteko ere batu dira. 12:00etan hasi da bilkura, Sabino Arana enparantzan, udaletxe aurrean, Gure arrantzaleak askatu lelopean. Isilean egon dira, Benito Lertxundiren Itxasoari begira musikarekin.

Eusko Jaurlaritzak ez du parte hartu, eta Xabier Legarreta Bermeoko alkateak (EAJ) kritikatu egin du horregatik. "Jaurlaritza jendea babesteko dago", adierazi du Legarretak, "gobernatzeko ere bai", eta bahiketa amaitzeko "pausoak" eskatu ditu.

Sestaoko alkatea eta PSE-EEko kide Jose Luis Marcos Merinok Jaurlaritza Bermeon egon ez izanari garrantzia kendu dio, eta atzo ontziko familiakoak Patxi Lopez lehendakariarekin batu zirela gogoratu du. "Gainera, bahiketa azkar eta ondo bukatzea da helburua", esan du Marcos Merinok.

Urriaren 2an Indiako Ozenoan bahitu zuten Alakrana, piratek, Somaliatik 375 miliara, eta ontziko kideak libre uzteko 2,7 milioi euro eskatu dituzte bahitzaileek. Espainiako Gobernua ari da piratekin negoziatzen.

Pilar Unzalu Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburuak gaur jakinarazi du ontziko marinel batzuek euren senideekin hitz egitea lortu berri dutela, zenbait eguneko etenaren ondotik.

36 kidek osatzen dute tripulazioa, eta zazpi euskal herritarrak dira. Galiziakoak dira beste batzuk, eta gaur han ere egin dute elkarretaratzea; Baionan. 500 pertsona elkartu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.