Ehunka pertsona batu dira Iruñean arrazakeriaren aurkako protestan

Indarra hartuz doa diskurtso arrazista eta xenofoboa Europan, manifestazioa antolatu dutenen hitzetan

Xenofobiaren aurkako manifestazioa egin zuten atzo, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2011ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Eskubide guztiak, pertsona guztientzat. Ehunka pertsona batu ziren atzo Iruñean lelo horren atzean egindako manifestazioan. 1960ko martxoaren 21ean, Hego Afrikan, gobernuaren lege xenofoboen kontrako manifestazioan armadak 64 pertsona hil zituen. Eta sarraski haren urteurrenean, xenofobiaren eta arrazismoaren aurkako egunean, immigrazioaren inguruko eztabaida berpizten ari dela ohartarazi zuten protestara deitu zutenek: «Bazterketak bere horretan dirau». Migrazio politika aipatu zuten aldatu beharrekoen artean. «Zenbakiak eta eskulana ez, baizik eta pertsonak hartu beharko lituzke oinarri».

Etorkinen inguruko legedia izan zen manifestarien oihuen jomuga nagusia ere. Hari buruzkoak ziren jendeak eskutan zeramatzan afixen lelorik gehienak: Kanporaketarik ez, Inor ez da ilegala, Etorkinentzako Integrazio Zentroak = Europako Guantanamoak, Gure herrian, denontzako tokia... Eta hori izan zen Iñaki Redin Paperak eta Eskubideak Denontzat plataformako kideak irakurri zuen manifestazioko testuaren mezu nagusia ere. Haren hitzetan, etorkinak dira krisiaren ondorioak gordinen ordaintzen ari direnak, eta indarra hartzen ari dira, gainera, lehen arbuiagarri ziren neurriak Europako herrialdeetako zenbait hauteskunde programetan.

Krisiaren ondorioz sortutako langabezia eta murrizketa sozialak dira, izan ere, eztabaida «piztu» dutenak. Baina «populista» eta «xenofoboa» da nagusitu den diskurtsoa, manifestaziora deitu zuten elkarteen iritziz. Ez dira hitz hutsak, ordea, eta hainbat adibide aipatu zituzten: Frantziako ijitoen deportazioak, indar politiko xenofoboen gorakada, Espainiako atzerritarren legea... Europako Batasuneko herrialdeetako agintariak migrazioa «kriminalizatzen» ari direla salatu zuten.

Sei izan ziren deialdia egin zuten taldeak: Paperak eta Eskubideak Denontzat plataforma, Haldy Fotty, Nafarroako Immigranteen Koordinakundea, Nafarroako SOS Arrazakeria, Hiritartasun Eskubideak plataforma eta Islamiar Elkartea. Luzeagoa izan zen, ordea, Gazteluko plazan irakurri zuten testuak jaso zuen atxikipenen zerrenda. 36 elkartek egin zuten bat deialdiarekin, besteak beste, sindikatuek, elkarteek eta gazte erakundeek.

Polizien tratu txarrak

Poliziak etorkinei ematen dien «tratu txarra» ere kritikatu zuen Redinek, irakurri zuen testuan. Amnistia Internazionalak, Human Rights Watch eta Nafarroako SOS Arrazakeria elkarteek egindako salaketak ekarri zituen gogora. Iruñean bertan gertatutakoa haietako bat. Iaz, Iruñeko zenbait udaltzainek etorkin bati polizia etxean emandako jipoia.

Dokumentuen eskaera «arbitrarioa» dela eta kontrol etaatxiloketak, zentro itxiak eta kanporaketak ere salatu zituen Redinek. Baita gobernuek irregulartasuna gutxitzeko ezarritako neurriak «baztertzaileak» direla ere. «Oinarria erabat xenofoboa da».

Gasteizen ere elkarretaratzea egin zuten, atzo arratsaldean, «migrazio politika arrazistak» salatzeko. Beste askoren artean, Komite Internazionalistek, Askapenak, Arabako Errefuxiatu eta Etorkinen Elkarteak, Gasteizko Senegaldarren Elkarteak, Aterko ginearren elkarteak, Tifisqui saharar kultur elkarteak, Jatorkin Gipuzkoako etorkin marokoarren elkarteak eta Anitzak Euskal Herriko pertsona migratzaileen elkarteak egin zuten bat deialdiarekin.

Elkarretaratzean, EBko estatu gehienek «kanpotik datozen pertsona migratzaileei ezartzen dizkieten atzerritartasun eta naziotasun politika baztertzaile, autoritario, klasista eta sexista» salatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.