Ehunka pertsonak egin dute bat presoen eskubideen alde errepide eta hondartzetan

Jokaleku politiko berrian eskubideak urratzeak ez duela lekurik eta ezin duela «minutu bat gehiago» iraun adierazi duteEgin Dezagun Bideak herri ekimenak irailerako manifestazio nazionalera deitu du

Euskal presoen eskubideen alde giza katea egin zuten atzo Hendaiako kai muturrean. BERRIA.
Bilbo
2011ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Ehunka pertsonak mobilizazio eguna egin zuten atzo, euskal presoei elkartasuna adierazteko eta haien egoera salatzeko. Egin Dezagun Bidea ekimenak antolatu zituen ekimen horiek. Komunikabideei igorritako ohar batean adierazi duenez, jokaleku politiko berrian presoen eskubideen urratzeek ezin dute «minutu bat gehiago» iraun. Besteak beste, «bizi guztiko espetxe zigorra» ahalbidetzen duen Auzitegi Goreneko 197/2006 dotrina (Parot dotrina) bertan behera uzteko exijitu du, eta gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoak aske uzteko edo Euskal Herriratzeko eskatu du. «Konpontze eta jokaleku demokratiko baten bidean, ezinbestekoa da euskal preso eta iheslarien eskubideen urratzeak gainditzea», nabarmendu du Egin Dezagun Bidea ekimenak.

Herritar andana bildu zen Euskal Herriko kale, plaza, errepide, aireportu eta hondartzetan, espetxe politikaren ondorioak salatu eta horren inguruko informazioa zabaltzeko eginiko ekimenetan. Elkarretaratzeak egin, eta hainbat hizkuntzatan idatzitako eskuorriak banatu zituzten jendea informatzeko. Bizikleta martxak, giza kateak eta bestelako ekintza batzuk ere antolatu zituzten hiriburuetako erdiguneetan, turistak biltzen diren toki eta hondartzetan.

Puntu estrategikoetan

Eguraldia alde, hondartzak bete egin ziren, eta, hala, salaketarako toki aproposa bihurtu zituen; presoak etxeratzearen aldeko kartel zuriek hondartzetan eguzkitan zeuden jakin-nahi askoren begirada eta arreta bereganatu zuten. Zarautzen, adibidez, 360 pertsonak giza katea egin zuten; hondartza zeharkatu zuten.

Errepideetan ere jende andana bildu zen. Izan ere, oporretako irteera aprobetxatu zuten presoen egoera salatzeko eta familiek etaadiskideek bisitan joateko egin beharreko bidaia luzeak salatzeko. N1 errepidean eta AP8 autobidean euskal presoen eskubideak aldarrikatzen zituzten kartelak ikus zitezkeen.

Bilboko Guggenheim museoaren inguruan ziren turistek ere jakin-minez begiratu zieten presoen aldeko banderatxoak zeramatzaten bizikletei eta pankartei.

Antolatzaileek aditzera eman dutenez, oso jendetsuak izan ziren atzo Euskal Herri osoan egindako ekimenak. Besteak beste, leku hauetan bildu ziren herritarrak: Agurain (40), Arabako Lautada (30), Gasteiz (130), Urkabustaiz (20), Deba (150); Donostian, Gros (80), Kontxa (125), Antigua (100); Lezo (40), Errenteria (55), Tolosa (100), Villabona (100), Zarautz (360), Hondarribia (92), Irun (50), Bermeo (30), Bilbo (300); Ibarrangelun, Laga hondartza (46), Laidako hondartza (80); Loiuko aireportua (25), Abanto (80), Ea (97), Lekeitio (200), Muskiz (100), Sopela (110), Hendaia (220), Baiona, Donibane Lohizune eta Miarritze.

Manifestazio nazionala

Atzoko ekintzez gain, manifestazio nazionala antolatu du Egin Dezagun Bidea ekimenak irailaren 17rako, Donostian. Eskubide guztiekin euskal presoak EuskalHerrira, Egin dezagun bidea lelopean hiriko kaleetan zehar euskal presoen eta haien senideen eskubideak aldarrikatzera deitu dute; horien artean, Parot doktrina bertan behera uztea, sakabanaketa amaitzea eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak berehala askatu beharra. «Espetxe politika erabilpen, errepresio eta konfrontazio terminoetatik konponbide demokratiko baten klabeetara igaro beharra» dagoela azaldu du Egin Dezagun Bidea ekimenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.