Blanca Urgell Kultura sailburuak Euskadi Irratian egindako elkarrizketan esan du murrizketak egitea "ezinbestekoa" dela; "ez dut ulertzen ogasun diputatuari eta ekonomia sailburuari entzundakoak entzun eta gero jendea nolatan harritzen den oraindik murrizketak egin behar direla entzuten duenean", azpimarratu du Urgellek.
Noticias taldeak EITBn egingo liratezken murrizketei buruz filtratutako txostenaz galdetuta, Kultura sailburuak esan du txosten hori existitzen dela baina "beste bat gehiago" soilik dela, aditu askorekin aritu baitira hizketan. Dena den, Urgellek salatu du langileria "urduri" jartzeko datu aproposenak filtratu dituztela; horren harira "gure erabakiak ez dira latzak izango", adierazi du.
Murrizketekin jarraituz, Urgellek ez du zehaztu zein eremutan emango diren. Esan du, adibidez, euskalduntzean egiten egiten ari diren esfortzua mantentzea izango dela garrantzizkoena, eta murrizketarik ez dutela jasoko. Tabakalera proiektua ere arriskutik kanpo dagoela baieztatu du.
Balantziaga eta San Telmo museoen oso balantze positiboa egin du eta esan du museoen sarea osatzea dela falta dena. Museoekin jarraituz, Chillida Leku ixtea "frustrazioa" izan dela aitortu du eta berriz irekitzearen alde agertu da.
Zinemaldiaren 59. edizioaz eta Donostia 2016ko lan taldearentzat ere hitz onak izan ditu Urgellek.