Urak utzitako aztarnak luze dirau, hilabete igaro bada ere azaroaren 5ean eta 6an hainbat tokitan denborale bortitza izan zenetik, eta eurite hark kalte material andana eragin zuenetik. Gipuzkoa astindu zuen gehien, baina Araban ez beste herrialde guztietan nabaritu zuten euri jasa eta haren ondorioa.
Espainiako aseguru etxeen partzuergoko zuzendari Alejandro Izuzkizak jakinarazi duenez, partzuergoak 3.755 eskaera jaso ditu, eta horietatik 346 adituek aztertu dituzte jada. Eskaera gehienak, 2.075, etxebizitzetan izandako kalteen inguruko eskaerak dira; 720, berriz, ibilgailuen gainekoak. Saltokien gaineko 622 eskaera jaso ditu partzuergoak, eta industria arlokoak, 313. Orotara, bederatzi milioi euro ordaindu ditu dagoeneko. Izuzkizaren arabera, «erritmo onean» ari dira lanean, «lehenbailehen» eskaera guztiei erantzuteko. Uholdeak izan eta gutxira urak baretu baziren ere, azaroko euri jasak arrasto luzea utzi du kaltetuengan. 30 egun igaro ondoren, Berria telebistak Donostiako Martutene auzoko, Goizuetako (Nafarroa) eta Arrosako (Nafarroa Beherea) hainbat lekukorekin hitz egin du, egoera zertan den ezagutzeko.
1. Martutene (Donostia)
Martuteneko 2.400 pertsona inguruk jasan dituzte uholdeak. Azaroko denboraleak eragindako kalteak 1983an eragindakoekin alderatu ditu Donostiako Udalak. Nekane Burutaran Donostiako Babes Zibileko zinegotziaren arabera, kalteak materialak izan dira, baina horiek «oso larriak» izan direla gaineratu du: «Badakigu hainbat pertsonak etxea, enpresa, dena galdu dutela». Etxerik gabe gelditu zirenei aterpe bat eman zien udalak, eta galdutakoa berreskuratzeko informazioa banatu zien auzokoei. Hala, herritar ugarik galdutako dirua berreskuratu dute edo bidean dira, baina Burutaran jakitun da kaltetu guztiek ez dutela laguntza bera jasoko, aseguru poliza dutenek errazago izango baitute diru hori eskuratzea.
Urak baretu badira ere, oraindik 60 bat familia ezin izan dira auzora itzuli. Hala jakinarazi zuen atzo Martuteneko Sarroeta elkarteko presidente Joaquin Sotillak, Radio Euskadiri eginiko adierazpenetan. Sotillaren arabera, euritearen ondorioak «gero eta okerragoak» dira, hasieran nabari ez ziren kalteak ikusten ari direlako. Hala, auzoko bost eraikinen egoeraz ohartarazi du; «guztiz kaltetuta» daude, baina aseguru etxeek ez dute euren gain hartzen konponketa, ez dagokielako haiei erakina eraberritzea; aldiz, aseguru etxeen partzuergoak ere ez ditu bere gain hartzen konpontze lanak, eraikin horien kalteak ez direlako soilik azaroko uholdeek sortuak, «uholde kate batek» eragindakoak baizik. Sotillak administrazioen «arduragabekeria» kritikatu du; garbiketa lanetan lagundu duten guztiei, berriz, esker ona adierazi die elkarteak.
2. Goizueta
Urumea ibaiak gainezka eginda, egun eta erdiz bakartuta egon zen Goizueta. Kalte handienak errepide nagusian eta baserritarren lurretan izan ziren, Pablo Miranda Goizuetako alkatearen arabera. Herriko suhiltzaile boluntarioen taldeak egoera hura iraultzeko ekimena izan zuela goraipatu du Mirandak; prebentzio eta garbiketa lanetan aritu ziren. Aldiz, Nafarroako Gobernuak izandako jokabidea kritikatu du, uste baitu gobernuak ez ziola egoerari behar bezala erantzun: «Ezohiko arrazoiek eragindako kalteei ezohiko erantzuna eman behar zitzaien, eta ez da hala izan».
Goizueta izan zen uholdeen ondorioz Nafarroan kaltetutako herrietako bat, baina ez bakarra. Hain zuzen, denboraleak biharamuna utzi du Baztanen; bereziki, Elizondoko presaren inguruan. Nafarroako Ibaiak Bizirik elkarteak presa eraisteko eskatu du, eta hori egiteko beharra jasotzen duen txostena igorri dio Nafarroako fiskal nagusiari. Elkartearen iritziz, presa «oso arriskutsua» da, euri asko egiten duenean ur maila igotzen baitu eta, beraz, hondamendiak gertatzeko arriskua handitzen baitu. Baztango Udalak 150.000 euroan zenbatu ditu azaroko uholdeek sortutako kalteak, baina presak eraginik izan ez zuela iritzita, herriko alkate Garbiñe Elizegik argitu du hura botatzea ez dela udalaren lehentasuna.
3. Arrosa
Beñat Arrabit Arrosako auzapezak azaldu duenez, uholdeek enpresa ugariri egin zieten kalte Arrosan. Gipuzkoa eta Nafarroa ez bezala, ordea, Nafarroa Behereko sei herri —Arrosa, tartean— hondamendi eremu izendatu zituen Frantziako Gobernuak. Izendapen horrekin batera, galerak izandako enpresek laguntzak jaso ahal izan dituzte.
Ekaitzaren ostean, barerik ez
Hilabete bat igaro da Euskal Herriko hainbat gunetan euriteek kalte ugari eragin zituztenetik. Ordutik hona urak lasaitu dira, baina kaltetuek denbora beharko dute aztarnak atzean uzteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu