Ekologistan Martxan-ek protesta eginen du etzi ingurune natural osasungarri baten alde

Bilboko Arriaga antzoki parean eginen dute protesta Ingurumenaren Nazioarteko Egunean. Protestaz gain, zuhaitz landaketa eta hitzaldi bat ere antolatu dituzte. 

Ekologistan Martxan taldearen protesta bat, artxiboko irudian. MONIKA DEL VALE / FOKU
2021eko ekainaren 3a
11:28
Entzun

Ekainaren 5ean ospatzen da Ingurumenaren Nazioarteko Eguna, eta, azken urteetan bezala, egun hori kari protesta antolatu du Ekologistan Martxan elkarteak. Ingurune natural osasungarri batean bizitzeko eskubidea aldarrikatuko du elkarteak: «Kutsadurarik gabe, zaratarik gabe, xahutzerik gabe, beharrezkoak ez diren azpiegiturarik gabe bizitzeko dugun eskubidea aldarrikatuko dugu». Elkarteak Zaldibar eta erraustegi berriak saihestuko dituen hondakinen kudeaketa ere eskatu du, eta tokikoa eta jasangarria den trantsizio energetikoaren aldeko aldarriak ere plazaratuko ditu.

«Bizitzaren eta Lurraldearen Defentsaren alde, egunez egun gure ingurune naturala suntsitzen duten eta planeta suntsitzearekin mehatxatzen duten ingurumen erasoen aurrean, kalean izango gara», aldarrikatu du elkarteak. Bilbon eginen dute ekitaldi nagusia, 13:00etan, Arriaga parean. Bertan, biodibertsitatearen aldeko ekintza bat eginen dute.

Ez da hori izanen, ordea, egun hauetan egingo dute ekintza bakarra. Gaur, zuhaitzak landatuko dituzte Barakaldon, eta datorren asteartean, ekainaren 8an, Biodibertsitateari eta osasunari buruzko hitzaldia izanen da Ekoetxean. Osalde Osasun Publikoaren Aldeko elkarteko Mario Fernandez eta Carolina Martin Biodibertsitaterik gabe bizitzarik ez dago Ekologistak Martxan taldearen kanpainaren koordinatzailea izanen dira hizlariak. Online ere ikusi ahalko da solasaldia. 

Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1972ko abenduaren 15ean izen datu zuen ekainaren 5a Ingurumenaren Nazioarteko Eguna, aurre egin nahian ingurumenaren gaineko kontzientzia eta ardura sortzeko erronkari, bai eta ingurumena zaintzeko, garapen jasangarria sustatzeko, ingurumenaren eta garapenaren arteko oreka bideragarria eta bidezkoa lortzeko ere. 

42 urte Gladys del Estal hil zutela

Gaur bete dira 42 urte Guardia Zibiliak Gladys del Estal Donostiako militante ekologista tiroz hil zuenetik, Tuteran. Ingurumenaren Munduko Eguna dela-eta, zentral nuklearrak geldiaraztea eta Bardeako tiro-poligonoa desegitea eskatzen zuen manifestazio batean parte hartzen ari zen del Estal, eta Guardia Zibil batek tiroz hil zuen. Lurrikara eragin zuen Del Estalen hilketak. Mobilizazio eta istilu handiak izan ziren hurrengo egunetan, besteak beste, hiletan bertan, eta bi greba orokor ere antolatu zituzten. Eremu politikoan ere haserre erantzun zuten alderdi gehienek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.