Eguzkiak malkoa isuri zuen eguna

40 urte bete dira Gladys del Estal ekintzaile ekologista Tuteran tiroz hil zutenetik, protesta baketsu batean. Hainbat omenaldi egingo dizkiote egunotan, haren ondarea gogoratzeko.

Maite Asensio Lozano.
Donostia
2019ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Bizikleta gainean, nuklearren aurkako eguzkia zuen puxika bat eskuan, horrelaxe agertu zen Gladys del Estal Egin eta Deia egunkarietako azaletan, hil zuten egunean bertan, 1979ko ekainaren 3an. Bezperan, Donostiako Egia auzoan izandako bizikleta martxan atera zioten argazkia. handik 24 ordura, ordea, hilotz zen, Tuteran (Nafarroa) egindako protesta baketsu batean guardia zibil batek buruan jotako tiro baten ondorioz. Hil zuteneko 40. urteurrena beteko da astelehenean, eta asteburuan omenaldi ugari egingo dizkiote, Eguzki talde ekologistak eta Gladys Gogoan kolektiboak antolatuta. Tuterara eraman zuen borrokak bizirik dirauela aldarrikatuko dute.

Halaxe gogoratzen baitute lagunek: militantzian, lehen lerroan, ikasten, Egian. «Garai hartan talde ekologista bat sortu genuen auzoan, eta, hasi berritan, zentral nuklearren auzia agertu zen: Euskal Herrian lau egin nahi zituzten. Informatu behar izan genuen, trebatu... Eta talde ekologistatik komite antinuklearrera pasatu ginen. Hor ezagutu genuen elkar, auzoan», kontatu du Arantxa Etxebestek.

1936ko gerratik ihesi Euskal Herritik Venezuelara joandako bi euskal herritarren alaba zen Gladys del Estal. Ozeanoaz bestaldean jaio zen 1956an, baina 4 urte zituenean itzuli ziren gurasoak Donostiara. Informatika ikasi zuen, eta gero, Biologia. «Pila bat gustatzen zitzaizkion ingurumen gaiak», erantsi du Etxebestek. 23 urte baino ez zituen hil zutenean.

Mobilizazio eguna Tuteran

Igandea izan zen 1979ko ekainaren 3a. Energia nuklearraren kontrako ekintza eguna antolatu zuten mundu osoan, martxoan Harrisburgeko (Pennsylvania, AEB) Three Mile Island zentral nuklearrean izandako istripua salatzeko. «Asmoa zen energia nuklearra arbuiatzea, bai erabilera zibila, bai militarra», esplikatu du Marin Anso Eguzkiko kideak. Euskal Herrian, aldarrikapen hori plazaratzeko leku egokia zen Tutera; batetik, alboan, Arguedasen, zentral nuklear bat eraiki nahi zutelako, eta bestetik, bertan zegoelako Bardeako tiro eremua.


Hiru autorekin eta autobus batekin iritsi ziren poliziak. BERRIA

Gladys del Estalek berak antolatu zuen Egiatik Tuterara joateko autobusa. Harekin joan zen Isa Fernandino: «Jai giroa zegoen. Jarduera guztiek zuten baimena». Gogoratu du bat-batean zapuztu zela eguna, bazkalostean: «16:15 izango ziren. El Prado ingurura sartu zen Espainiako Polizia Armatua, hiru autorekin eta autobus batekin». Geroago agertu zen Guardia Zibila ere. Han zen Sabino Ormazabal. Garai politiko zailak zirela azaldu du, errepresio handiko urteak: «Nafarroan bazeuden aurrekariak: 1977an amnistiaren aldeko astean hildakoak, hurrengo urtean German Rodriguez Iruñean... Eta bazegoen komite antinuklearrak biolentziarekin nahasteko nahi bat».

Ebroren ondoan zeuden protestariak; Tuterara iristeko erabili zituzten autobusak ibaiaren bestaldean utzi zituzten. «Polizia heldu zenean, betikoa: tentsioa, probokazioak, pilotak botatzen hasi ziren...». Ormazabalek oroitu du ez zegoela babesteko lekurik. «Tuterako sarbide guztiak itxi zituzten, eta herrian geundenak autobusetara bidali gintuzten, zubia pasatuz».

Hain justu, zubian eserialdia egiten ari zen Del Estal: «Argi zuen zerbait egin behar zela, ez zelako bidezkoa ezer egin gabe hori jasatea. Halakoa zen». Eta protesta baketsua egiten ari zela, eserita, bizkarretik tiro bat eman zion guardia zibil batek buruan. Tarte batez lurrean izan zutela azaldu du Ormazabalek: «Ez zioten inori hurbiltzen utzi; ez zen salbatuko, baina ez zuten utzi. Autoz eraman genuen anbulatoriora, baina hilda iritsi zen. Tanatoriorik ez zenez, hilerrira eraman genuen; hango arduradunak alabaren soineko bat ekarri zuen Gladysi jartzeko, odolez beteta baitzegoen. Oso gogorra izan zen».


Ehunka pertsona bildu ziren Del Estalen hiletan. BERRIA

Auzoan, jendea zain

Etxebeste Donostian geratua zen egun hartan. Gurasoei hilketaren berri ematea egokitu zitzaion: «Irratira deitu genuen, albistea eman ez zezaten, baina gu gurasoenera heldu ginenerako entzuna zuten». Bi autotan joan ziren Tuterara senideak eta lagunak, eta hirutan itzuli ziren biharamunean, gaztearen gorpuarekin. «Donostiara iristean, auzoan jende pila bat zegoen zain; eta poliziak, kargatzen». Ormazabal: «Kanposanturako bidean, Egia igotzen, Enrique [aita] jarri zen aurrean autoarekin, eta ukabila atera zuen leihotik». Fernandino: «Egiara iritsi ginenerako kartel bat egina zuen taldeko batek: nuklearren aurkako eguzkia ageri zen, malko batekin».

Lurrikara eragin zuen Del Estalen hilketak. Mobilizazio eta istilu handiak izan ziren hurrengo egunetan, besteak beste, hiletan bertan, eta bi greba orokor ere antolatu zituzten. Eremu politikoan ere, haserre erantzun zuten alderdi gehienek. Ormazabalek bereziki gogoan du Tuterako Udalbatzak hilketaren biharamunean onartu zuen mozioa: «Ez zituzten soilik ardura politikoak eta dimisioak eskatu; galdegin zuten indar errepresiboak desegitea, energia plana geldiaraztea, tiro eremua kentzea... Hurrengo egunetan 50 udalek baino gehiagok egin zuten bat testu harekin».

Gaitzespen hari aurre egiteko, ordea, indar polizialen kontakizuna jari zuten martxan. «Hurrengo egunetik, bertsio ofiziala zen norbait saiatu zela polizia horri arma kentzen, eta Gladys eserita egoteak eragin zuela hiltzea. Baina epaiketan argi geratu zen lekuko guztiek entzuna zutela klik-klak: guardia zibilek segurua kendua zieten subfusilei», nabarmendu du Ormazabalek.

Jose Martinez Salas izeneko guardia zibila jo zuten hilketaren errudun: hamazortzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta ez zen kartzelan sartu. «Gladysen hilketa eskandalu bat izan zen, basakeria bat», ondorioztatu du Ansok. Inpunitatearen sinbolo bihurtu da, haren ustez: «Lotsagarria da 40 urte geroago behar bezalako aitortza ofizialik ez izatea. Eta bereziki larria da, hiltzaileari zigor txikia jarri ziotelako, eta bi domina eman zizkiotelako; horietako bat, zigortu eta bi hilabetera».


1979an bertan aldatu zioten lehen aldiz izena Kristinaenea parkeari. BERRIA

Memoriaren premia

Eta eguzkiari malkoa atera zion emakume hura sinbolo bihurtu zen. «Neska gazte bat zen, justu egun hartako egunkarietan agertutakoa, protesta baketsu batean hil zutena, auzoko familia ezagun batekoa, oso aktiboa», esan du Ormazabalek. Ansok nabarmendu du ideietan ere aitzindaria zela: «Egun ematen du nuklearren aurkako borroka ekologismoan uztartuta dagoela, baina garai hartan ez zegoen hain garbi. Gladys bi taldeetan zegoen, lotura hori ikusten zuen».

Uztarketa horretatik jaio zen Eguzki 1987an, eta talde horrek hartu du Gladys del Estalen memoria zaintzeko ardura. Besteak beste, ekainero, Kristinaenea parkeari izena aldatzen diote, sarreran Gladys Enea dioen parkarta bat jarriz. Ormazabal: «Frankismoan parkea oso utzita egon zen, eta hura auzolanean garbitzen aritu zen Gladys. Modu naturalean atera zen izena aldatzeko eskaera». Etxebeste: «Udalean proposatu genuen, baina esan ziguten Mandasko Dukearen idatzietan klausula batek zioela ezin zela izena aldatu. Beste klausulak ez dira bete. Gutxienez monolitoa lortu genuen, eta pasealekuetako bati bere izena jartzea». Tuteran ere oroitarri bat ipini zuten. «Hainbatetan puskatu dute», deitoratu du Ormazabalek.

Baina haren figura gogoratzen jarraituko dutela berretsi du Ansok: «Ez dugu gurtzen santu laiko bat bezala, baizik eta gutako bat zelako, eta egun hartan Tuterara eraman zuten arrazoiak indarrean daudelako mugimendu ekologistaren eguneroko borroka txiki eta handietan». Bat dator Etxebeste: «Sekula baino beharrezkoagoa da borroka ekologista, klima aldaketarekin... Gladys bizirik balego, hor egongo litzateke».


Eguzkik urtero antolatzen ditu gaztea gogoratzeko ekitaldiak. J. C. RUIZ / FOKU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.