Ekonomiakoki ez itotzeko era bakarra independentzia dela ohartarazi dute

Hispanitatearen Egunean Bilboko martxa berdera joateko deia egin du Independentistak sareak

Independentistak sareko kideek atzo Bilbon egindako agerraldian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Politikoki herri gisa bizitzeko ez ezik, ekonomikoki irauteko ere «ezinbestekoa» da Euskal Herriaren independentzia, Independentistak sarearen esanetan. Ekonomia krisi sakona den garai hauetan, egoera aztertu dute hainbat adituk. Eta argia da ondorioa: «Espainiak hondamenera garamatza, eta independentzia da gure etorkizuna bermatzeko bide bakarra». Izan ere, adituek egindako txostenaren arabera, garapenerako aukera handiak ditu euskal ekonomiak, «baina eskuak lotuta ditu horietaz baliatzeko».

Datorren asteazkenean urriak 12 dituenean Hispanitatearen Eguna ospatzen den egunaren atarian kaleratu du ikerketaren emaitza Independentistak sareak. Hain zuzen, etengabegain beheran doan egoera ekonomikoa iraultzeko beharrean kokatu du aurten «Espainiak inposatutako egunaren inguruan» egingo duen martxa.

Hispanitatearen Eguna ez, baina izango dute zer ospatu. Iaz Iruñean egin bezala, «munduko herrien askatasun eguna» ospatuko dutela iragarri du Txutxi Ariznabarreta sareko kideak. «Askatasuna lortu duten herrien» lorpena ospatu, eta bide horretan ari diren herriei elkartasuna adieraziko die, Euskal Herriaren beraren «askatasuna», independentzia, aldarrikatzearekin batera.

«Mila aldiz esan digute gure moduko herri txiki batek ezingo lukeela ekonomikoki mantendu, hori utopia hutsa dela, eta independente izan ezkero azak jan beharko genituela. Gaur, argi dago kontrakoa dela: gurea moduko herri txiki batek independentzia behar duela ekonomikoki irauteko eta globalizazioari aurre egiteko», adierazi du Ariznabarretak.

Irakurketa horretatik dator Independentistak sareak Hispanitatearen Egunerako antolatu duen martxarako aukeratutako leloa: Espainia: inposaketa eta hondamena. Independentzia!. Jesusen Bihotzetik aterako da martxa 17:00etan. Espainiako Gobernuak ordezkaritza duen Moyua plazan «burrunba» egiteko geldialdia egin, eta San Nikolas aurrean amaituko da. Bertaratzeko dei irekia egin du Ariznabarretak; sigletatik haratagokoa. «Aurrera egiteko baliabide propioen beharra ikusten duen pertsona orori» eskatu dio martxara joateko.

Antxon Borja Sarriko Unibertsitatean Ekonomia Aplikatuko irakasle denak eta Maite Aristegi EHNEko idazkari nagusi ohi eta Independentistak Sareko kide denak eman dute ekonomia azterketaren ondorioen berri.

Espainiaren garapen ereduak «hondamendia» dakarrela diote. Espekulazioa eta eraikuntzarekiko politika eredua dituzte horren adibide: «Espekulazioa, bankarentzako etekinak, usteltze politika eta etxebizitza eskubidea produktu finantziario bihurtzea». Estatua «espekulatzaileen presioaren menpe» dagoela ohartarazi dute, eta galerak, «betikoentzat», herritarrentzat, dakartzala.

Euskal Herriak, berriz, sare ekonomikoa «dibertsifikatuago» duela diote; industria orekatuagoa dela, eta lehen sektore indartsua, oraindik. Horri eusteko deia egin dute; elikadura burujabearen aldeko apustua egin, eta barne eskari eta produkzioa sustatzekoa. Horretarako, Euskal Estatua premiazkoa dela diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.