Erabakitzeko eskubidea

ELAk babesa agertu dio Gure Esku Dagori, eta inplikatu egingo da

Sindikatuko kideei erabakitze eskubidearen aldeko plataforman "modu aktiboan" aritzeko eskatu die. Bideoa: ELAren atxikimendua (ELA). [youtube]http://youtu.be/atkbRDiGZpA[/youtube]

enekoitz esnaola
2014ko martxoaren 19a
08:39
Entzun

Gure Esku Dago plataforma atxikimenduak bilduz doa. ELA sindikatuarena jaso berri du, horrek sarean jarritako bideo baten bidez iragarri duenez. "Normal jakinarazi dugu zein den gure jarrera", diote ELAko iturriek. Babesa emateaz gain, bere kideei inplikatzeko eskatu die.

Giza katea antolatu du Gure Esku Dagok ekainaren 8rako —Durango eta Iruñea lotuko ditu—, eta gutxienez 50.000 lagun bildu nahi ditu; ELAk bere «afiliatuak eta bereziki militanteak animatu» ditu han parte hartu eta lantokietan ekintzaren berri eman dezaten, baita herrietako dinamikatan lanerako bil daitezen ere. "Modu aktiboan" aritzea galdegin die. Bere webgunean ageri denez, ELAk 105.312 afiliatu ditu; Euskal Herriko sindikaturik handiena da.

Bideoan berretsi du erabakitzeko eskubidearen alde dagoela, "aldarrikapen prepolitikoa baita, oinarri demokratikoa sortzearen alde". Gure Esku Dago "sentsibilitate guztietako topagunea" dela adierazi du ELAk.

Diadako giza katean izan zen

Euskal Herritik iaz Kataluniako Diadako giza katera joandako eragileetako bat izan zen ELA. Amaia Muñoa idazkari nagusiaren albokoa buru zuela, autobus bat antolatu zuen. Bartzelonan egon ziren independentziaren aldeko giza katean, eta orduko irudiak ere sartu ditu bideoan.

Urrian, berriz, ELAren Manu Robles-Arangiz institutuak Via Catalanari buruzko aldizkari monografikoa argitaratu zuen.

Bideoa: Gure Esku Dago mugimendua (Ander Gartzia, BerriaTB)

[berriatb]http://www.berria.info/berriatb/2060/[/berriatb]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.