Irailaren 25ean bilera egin zuten Eusko Jaurlaritzak eta hezkuntzako eragileek, eta orduan jarri zuten martxan hezkuntzari buruzko akordioa egiteko prozesua. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi zuen bost lantalde jarriko zituela martxan: bizikidetza, hizkuntzak, ebaluazioa, hezkuntza modernizatzea, eta ikastetxeen autonomia. Lantaldeak abian dira, bilerak egiten ari dira, eta urte amaiera alderako espero dituzte txostenak.
Hainbat eragiletako kideak ari dira parte hartzen prozesu horretan, baina ELAk jakinarazi du ez dela hor egongo. Batetik, salatu du gobernuak ez diela aukerarik eman zein lantaldetan aritu erabakitzeko. Bestetik, azaldu du ordezkaritza ezberdina dutenei ez diela horren araberako pisua eman: “Hezkuntzako esparru guztietan oso ordezkaritza zabala dugun eragileoi eta eremu oso konkretu edo partzialetan edota apenas ordezkaritzarik ez duten eragile eta pertsonei ia ahots eta proposamen gaitasun bera eman die”. Nabarmendu du prozesua “parte hartze eta prozedura demokratikoen aurkakoa” dela.
Gainera, sindikatua ez da ados azaldu Jaurlaritzaren metodologiarekin. Ohartarazi du gobernuak ez dituela agertu zer “lehentasun” dituen. Bi alorretan ikusten du hutsunea ELAk lantaldeei dagokienez: batetik, baliabideei buruzkorik ez dagoela; bestetik, Espainiaren neurriei “aurre egiteko” lantalderik ere ez dutela sortu. Horiek aztergai hartzeari “betoa” jarri dio gobernuak, ELAren arabera.
Hori ikusita, jakinarazi du ez duela parte hartuko ibilbide horretan: “Prozesuaren emaitza gobernuak bere interesen arabera maneiatzeko arriskua nabaria da”.
Jaurlaritzak aurkeztutako planteamenduaren arabera, bost lantaldeek txostenak osatuko dituzte urte bukaerarako, eta eragileak deituko dituzte edukia aurkezteko eta ekarpenak jasotzeko. Ondoren, EAEko Eskola Kontseilura igaroko da prozesua, eta uda aurretik emango du iritzia hark. Haren dokumentua Eusko Jaurlaritzara helduko da, eta gobernuko kontseiluak legebiltzarrera bideratuko du. Han hasiko da legea egiteko prozesua.