ELAk eztabaidaren erdigunean nahi du autogobernuaren auzia

Sindikatuaren esanetan, eskuduntza materialak eskuratu behar dira herri gisa garatzeko. ELAk babesa adierazi die Molleri eta Etxeberriri.

ELA
ELA sindikatuko kideak, Aberri Eguneko kartelarekin. ELA
Iosu Alberdi.
2024ko martxoaren 22a
12:50
Entzun

Aberri Egunari begira, ELA sindikatuaren Nazio Batzordeak «garai politikoaren irakurketa» plazaratu du. Indar berezia egin du autogobernuaren auzia «eztabaida sozial eta politikoaren erdigunean» kokatzeko beharrean, eta instituzioei erreparatu die horretarako: «Herri gisa garatzeko eskuduntza materialak izan behar ditugu, estatuekiko gure posizioari berme juridikoa eman eta gure errealitate nazionalaren aitortza lortu».

Sindikatuak azaldu du Aberri Eguna ospatzea euskal nazioa eraikitzeko milaka lagunek egindako «ekarpen militantearen» aitortza dela, bai abertzaletasunaren zutabe diren elementu kulturalen arloan ─«euskara, nazio nortasuna, burujabetza...»─, bai beste borroka batzuen aldeko aldarrian: «Esaterako, ekosozialismoa, feminismoa, antirrazismoa, justizia sozialaren aldeko borroka edota herrien eskubideen defentsa».

Hala, ELAk euskal gizartearen gehiengoak babesten dituen helburu batzuen aldeko borroka defendatu du: «Arlo soziolaboralerako eskuduntza marko zabal bat, euskararen benetako ofizialtasuna aitortzea, Euskal Herriko lurralde guztien artikulazio instituzionala gauzatzeko ahalmena eta erabakitzeko eskubidea». Horiek guztiak «errepublika subirano batera iristeko bitarteko urrats koherenteak dira».

Abiapuntu horretatik, ELAk Euskal Herriko hiru lurralde administrazio nagusiei erreparatu die. Hego Euskal Euskal Herriari dagokionez, azaldu du beharrezkoa dela Foru Hobekuntzaren eta Gernikako Estatutuaren markoak eguneratzea. Izan ere, txarretsi du, sarri aldebikotasunaren garrantzia nabarmentzen den arren, autogobernua «higatzen» duten «politika zentralizatzaileek» iraun egiten dutela. Lan arloan da kritiko batez ere: «Gure lan baldintzei eta babes sozialari buruz erabakiak hartzeko ahalmen gutxiago dugu».

Era berean, nabarmendu du eskumenak «politika sozialak ezartzeko eta injustiziei ekiteko» baliatu behar direla, eta ezin dela «autogobernuaren defentsaren aitzakia» erabili «eliteen» mesedetan. Izan ere, sindikatuak uste du hala gertatu dela Espainiako Etxebizitza Legearen inguruko eztabaidan.

Ipar Euskal Herriko egoerari erreparatuz, berriz, «2017an iritsitako aitortza instituzionaletik» haratago joateko beharra azaldu du, eta indar egin du agendan ezarrita dauden bi gaietan: Luhusoko auziko epaiketa eta Bagira prozesua. «Unibertso abertzale osoari eragiten diote», adierazi du, eta gehitu «herri baten irauteko borondatearen» erakusle direla biak. 

Apirilaren 2an eta 3an epaituko dituzte Beatrice Molle eta Txetx Etxeberri, Parisen, 2016ko abenduan Luhuson (Lapurdi) egindako polizia operazioaren harira. Epaiketari erreparatuta, akusatuak errugabetzea galdegin du sindikatuak, eta «estatuen agenda errepresiboa» salatu. Izan ere, «epaiketa politiko» gisa kalifikatu dute haien aurkakoa: «Zer egin zuten? Berez estatuen, eta ez beste inoren, eginbeharra zena beren gain hartu: modu ordenatu eta seguruan armagabetzea zenbait urte lehenago armak alde batera utzi eta entregatzea erabaki zuen erakunde bat».

Bagira prozesuari dagokionez, berriz, ELAk uste du Ipar Euskal Herrian ontzen ari direna «abertzaletasunaren historian mugarri nabarmena» izango dela, eta martxoaren 31n Uztaritzen egingo den ekitaldian parte hartzeko deia egin dute. Izan ere, prozesuaren emaitza Aberri Egunean plazaratuko dute, eta datozen urteetako bide orria definitzea izango du xede. 

Euskara

ELAk euskararen aurkako oldarraldi judizialari ere egin dio aipamena, eta CCOO eta UGT sindikatuek afera horretan erakutsitako jarrera kritikatu du, «euskararen normalizazioa eragozten» dutelako: «Kontakizun gezurti bat egiten da; horren arabera, diskriminazioa pairatzen duen jendea erdal hiztunak omen dira». Horren aurrean, sindikatuak defendatu du hizkuntza eskubideen aldeko borroka justizia sozialarekin lotuta ulertu behar dela, ez baitago bermatuta euskarak irautea.

Prozesu nazionalean aurrera egiteko beste elementu batzuk ere nabarmendu ditu ELAk, eredu produktibo eta sozial berrien aldeko apustuaren garrantzian indar eginda; hala nola elikadura burujabetzari, energiari, finantzei eta telekomunikazioei dagokionez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.