ELAk grebara deitu ditu Bizkaiko esku hartze sozialeko langileak

Apirilaren 17rako eta maiatzaren 8rako deitu du lanuztera, lan ituna berritzeko eskatzeko. Langileei lan baldintzak eskastu zaizkie, eta erosahalmena apaldu, ELAk salatu duenez.

Bizkaiko esku hartze sozialeko langileen protesta bat, iaz. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bizkaiko esku hartze sozialeko langileen protesta bat, iaz. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Edurne Begiristain.
2024ko apirilaren 5a
12:35
Entzun

ELA sindikatuak deituta, apirilaren 17an eta maiatzaren 8an greba egingo dute Bizkaiko esku hartze sozialeko langileek. Bi urte daramatzate hitzarmena berritu gabe, eta lan baldintzak zein erosteko ahalmena galdu dutela salatu du sindikatuak. Lan ituna berritzeko negoziazioak ez aurrera ez atzera daudela ikusita deitu du sindikatuak lanuzte egun horietara.

4.000 eta 5.000 langile artean daude lan hitzarmenik gabe, sindikatuaren arabera, eta horrek apaldu egin die erosteko ahalmena; zehazki, %15,2koa izan da galera. Egoera bideratu eta hitzarmena berritzeko asmotan, joan den martxoaren 18an bilera batera deitu zituzten aldeak, baina ELAk salatu du patronalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak uko egin ziotela mahaian esertzeari. Negoziazioen «blokeoak» erosteko ahalmenari ez ezik, langileen lan osasunari eta kontziliazio neurriei ere kalte egiten diela ohartarazi du sindikatuak.

Esku hartze sozialeko langileek «funtsezko zerbitzuak» eskaintzen dituzte, sindikatuak gogora ekarri duenez. Gizarteratze eremuan lan egiten dute, etxerik gabeko pertsonei eta babesgabe dauden emakumeei zein adingabeei arta eskainita. Lan horietako asko pribatizatuta eta azpikontratatuta daude. Orain arte, hamar greba egunera deitu izan dute sektorean. ELAk dio esku hartze sozialeko langileek mobilizazioei eusteko asmoa dutela, patronalek egoera desblokeatzen ez badute behinik-behin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.