2012ko aurrekontuak

ELAk «moralgabetzat» jo ditu Jaurlaritzaren aurrekontuak

Sindikatuak uste du Gizartearen beharrei ez dietela erantzuten eta krisiaren eraginak larriagotuko dituztela

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak «moralgabeak» dira, gizartearen beharrei ez dietelako erantzuten, eta krisiaren eraginak larriagotu egingo dituztelako. Hala adierazi du Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren ondokoak. Osasun arloan inbertsioa jaitsi egin da, eta hezkuntzan berrizmantendu, aurreko urteko datuekin erkatuz gero. 2010eko diru kopurua aintzat hartuz gero, ordea, 139,2 eta 138,42 milioi euro gutxiago inbertitu dituzte bi arlo horietan, hurrenez hurren. Diru kopuru hori «zerbitzuak mantenduko direla egiten dituzten deiekin ez datoz bat», Mikel Noval arlo sozialeko arduradunaren hitzetan. Jaitsiera hori kontuan hartuta, sektore publiko indartsu baten alde ez egitea eta austeritate politiken aldeko hautua egin izana leporatu diote sindikatutik Eusko Jaurlaritzari.

ELAk azpimarratu du ez direla aurrekontu horiek moralgabeak direla dioten bakarrak. Izan ere, Patxi Lopez lehendakariarekin batzartu zirenean, «aurkeztu behar zituen aurrekontuak nazkagarriak izango zirela esan zigun Lopezek», Muñoaren hitzetan. Adierazpen horiek harrigarriak eta kezkagarriak direla zehaztu du, «lehendakariak bere aurrekontuen inguruan eskumenik ez duela ematen baitu».

Diagnostikoan lehendakariarekin bat egiten dutela adierazi du Muñoak, baina krisiari irtenbidea topatzeko bidean ez. «Austeritate politiken bidea beste hainbat herrialdetan egin izan da». Eta Argentinaren kasua jarri du Muñoak adibide gisa, «bertan sektore publikoa deuseztatu egin zuten». Beraz, alternatibak jarri dituzte mahai gainean, presio fiskala igotzea esaterako. Era horretan, 6.011 milioi euro gehiago bildu ahal izango litzatekeela azpimarratu du.

Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak alde horretatik ere hitz egin du azkenaldian, eta presio fiskala 3,5 puntu igo behar dela esan. «Baina bere alderdiko kideek ere ez diote jaramonik egiten», Muñoaren ustez. Eta horretarako Gipuzkoako Foru Aldundiko adibidea jarri du. Bertan PSE-EEk BPGa %0,34 igotzeko proposamena egin zuen, «Agirrek proposatutako 3,5 horretatik oso urrun». Bestetik, gogora ekarri du Europanpresio fiskalaren batez bestekoa %9 dela, eta «maila horretara iristeko Agirreren proposamena betetzea ez legoke gaizki», Muñoak adierazi duenez.

2012rako gastuak

Jaurlaritzak 2012ko aurrekontuetan 204,4 milioi euro gutxiago bideratuko ditu inbertsio orokorretara aurtengo diru kopuruarekin alderatuz gero, eta 644,7 milioi gutxiago 2010eko kopurua kontuan hartuz gero. Datorren urterako 10.449,2 milioi euro izango dituzte eskuragarri, baina aurreko urteetakoekin alderatu ahal izateko Lanbidera bideratutako diru kopurua ez dute kontuan hartu ELAko arduradunek, 2011 hasieran hartu baitzuen enplegu politiken kargu. Horretaz gain, AHTa eraikitzeko Espainiako Gobernuak emandako diru kopurua ere ez dute kontuan hartu, «ez delako Jaurlarizak jarritako diru kopurua». Beraz, 9.515,8 milioi euroko aurrekontua izango du aurreko urteekin erkatzeko.

Inbertsio errealetara bestetik,617,5 milioi euro bideratuko dute, erdia baino gehiago (379,7) AHTa eraikitzeko. Gainerako arloetara bideratuko duten diru kopurua horren aldean «lotsagarria» dela salatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.