ELAk ohartarazi du etxeen arloan «burbuila bat» sortzen ari dela

Sindikatuak salatu du salmentarako edo alokairurako etxeen prezioen gorakadak gelak alokatzearen merkatua handitu duela

Aitor Murgia, Leire Gallego eta Mikel Noval, atzo, txostenaren aurkezpenean. OLATZ SILVA.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko ekainaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Herritarrek gero eta esfortzu handiagoa egin behar dute alokairua ordaintzeko. Hala ondorioztatu dute ELA sindikatuak egindako txostenean: Etxebizitza Hego Euskal Herrian: eskubide bat merkatuaren menpe. Aitor Murgia egileak azpimarratu duenez, egun Hego Euskal Herriko hiriburuetan ez dago aukerarik 600 euro baino gutxiago ordainduta etxebizitza bizigarri bat alokatzeko: «Soldataren %30 beharko litzateke etxebizitzaren kostuetarako, eta hori 600 euro inguru dira; baina, gaur egun, ez da posible». Ondorioz, etxebizitza partekatzea beste erremediorik ez dute askok, eta ELAk ohartarazi du etxebizitza agentziek merkatu berri bat elikatzen ari direla, «burbuila bat sortzen» ari direla.

Hegoaldeko hiriburuak bakarrik kontuan hartuta, hala ere, prezioak nabarmen egiten du gora. Eta azpimarratzekoa da Donostiako egoera: «Metro koadroak 5.000 euroren langa gainditzen du; hiribururik garestiena da». Murgiak azaldu du prezio horiei Europako Banku Zentralaren interes tasen igoera «etengabea» erantsi behar zaiela; jada %4an kokatu da. «Horrek esan nahi du orain sinatzen diren hipoteka finkoak garestiagoak izango direla eta, batez beste, hipoteka aldakorrak 3.500 euro garestituko direla berrikusten dituztenean».

Egoera ikusita, askok aukera bakarra dute emantzipatzeko: etxebizitza partekatzea. Eta etxebizitza arloko enpresen webguneek horretarako aukera eskaintzen dute gero eta gehiago. Atal espezifikoak dituzte, herritarrek logelak alokatu ditzaten. Murgiaren arabera, «burbuila bat» da hori. Alokatzeko etxeen eskaintza «urria» denez eta gero eta logela solte gehiago eskatzen direnez, askotan prezioak hilean 1.000 eurorainokoak ere izaten dira. Hori dela eta, Murgiari ez zaio arraroa egiten emantzipatzeko adina ia 30 urte izatea.

Hainbat etxebizitza hutsik egoteak ere eragiten du prezioetan. Leire Gallego ELAko Ekintza Sozialeko arduradunak azaldu duenez, Hego Euskal Herrian 70.000 etxebizitza huts daude: 46.000 baino gehiago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 24.000 Nafarroan. «Hutsik dauden etxebizitza guztiak alokairurako erabiliko balira, alokairuko etxebizitza parkea %37 handituko litzateke Euskal Autonomia Erkidegoan; eta %50 Nafarroan».

Etxe kaleratzeak

Urtean mila kaleratze inguru egiten direla azaldu du Gallegok. Horietatik %77 alokatutako etxebizitzetan gertatzen dira. Gallegoren arabera, nahiz eta lege proiektu berriak aurrerapen «txiki» batzuk ekarri, ez dira nahikoak arazoari aurre egiteko. «Kontuan hartu behar da kopuru hori bide judizialetik egindako kaleratzeei dagokiela; hortik kanpo beste hainbat daude: hau da, badira alokairuaren prezio gorakadengatik etxea utzi behar izan dutenak ere». ELAk uste du etorkizunean kaleratzeen kopurua «nabarmen» handituko dela.

Etxegabetzeekin batera, etxerik ez izatea da arazorik «gordinenen» arteko beste bat. 2012tik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %113 igo da etxegabeen kopurua; eta Nafarroan, berriz, duela hamar urte halako bi da.

«Etxerik ez izateak lotura zuzena du migratzaileekin», esan du Gallegok. Izan ere, etxegabeen %72 atzerritarrak dira. Haien arazoetako bat izan ohi da erroldatuta ez egotea. «Erroldatuta egoteak eskubidea eta betebeharra izan beharko luke, baina erroldatuta ez egoteak eragiten du etxegabeek ez izatea gainontzekoen eskubide berak».

Datu guztiak kontuan hartuta, Mikel Noval ELAko Azterketa Bulegoko arduradunak salatu du politika publikoek ez dutela etxebizitza eskubidetzat hartzen, eta «espekulazio ondasun» izatea lehenesten dutela. Etxebizitza politikak «errotik aldatzeko» eskatu du ELAk, eta hainbat proposamen egin: besteak beste, etxebizitza huts guztiak alokairuan jartzea, alokairuaren prezioak mugatzea eta bizileku alternatibarik gabeko etxegabetzeak geldiaraztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.