Eleak-ek jazarpen politikoa gerarazteko eskatu dio Frantziako kontsulatuari

Kontsuletxearen aurrean bildu dira, Bilbon, Josu Esparzaren aurkako euroaginduak gaitzesteko asmoz

Eleak mugimenduak atzo bilbon egin zuen elkarretaratzea. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2011ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Frantziak Bilbon duen kontsulatua ez da batzartu Eleak eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduarekin. Eta, Eleak-ek deituta, Josu Esparzaren aurkako bi euroaginduen aurka 70 lagun inguru elkarretaratu ziren atzo kontsuletxearen aurrean, Bilbon, eskubide guztiak guztientzat, euroagindurik ez lelopean. Bertan, Esparzaren aurka Auzitegi Nazionalak aurkeztutako euroaginduak atzera botatzeko eskatu zion Joxean Agirre Eleak-eko eledunak Frantziari, eta orokorrean militante politikoen aurkako jazarpena bertan behera uzteko.

Josu Esparza aurreko urteetan Amnistiaren Aldeko Mugimenduko Iruñeko eleduna izan da, eta urtarrilean Guardia Zibilak egindako polizia operaziotik ihes egitea lortu eta Iparraldera jo zuen. Irailean, Donibane Lohizunen atxilotu zuen Frantziako Poliziak, eta handik gutxira Auzitegi Nazionalak haren aurkako euroagindua eskatu zuen. Paueko Auzitegiak onartu egin zuen, baina defentsak helegitea jarri zuen. Bestalde, Auzitegi Nazionalak beste euroagindu bat aurkeztu zuen, 2009ko Korrikan presoen argazkiak erakusteagatik terrorismoaren gorazarrea egitea egotzita, eta hura ere onartu egin du Paueko epaitegiak. Hala, Frantziak Esparza atxilotzeko agindua eman du, iruindarra ez baita aurkeztu epaitegian.

Hala, Joxean Agirreren irudiko, «zilegizkoa» da Esparzak bere egunean Aurore Martinek egindakoa errepikatzea. «Espainiako Gobernuak kartzelak bete nahi dituen bitartean, eskubide guztien defentsan erabat koherentea da aukera hori saihestea».

Espainiarekin «elkarlan polizialean eta judizialean» jarduteari uzteko eskatu dio Agirrek Frantziari. Eleak mugimenduaren arabera, Espainiak utzi egin beharko lioke indarkeria erabiltzeari.

Agirrek ez du kontsularekin egoterik izan. Egoitzan ez zegoela azaldu diote. Dena den, Esparzaren senideekin batera, Nafarroako eskubide zibilen urraketari buruzko txostena utzi dute kontsuletxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.