Aitziber Laskibar Lizarribar.

Eleak-ek prozesua oztopatzeko nahia ikusi du atxiloketa eta epaiketetan

2012ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Euskal Herrian hasi den konponbide aroarekin «deseroso» daude Espainiako hainbat sektore, Eleak mugimenduaren esanetan. Horregatik uste du prozesua «oztopatzen» ari direla eremu judizial eta polizialetatik. Eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduaren izenean, Fernando Bilbaok ohartarazi du etengabeak direla atxiloketak, militante independentisten aurkako jazarpenak zein epaiketa politikoak Euskal Herria normalizazio politiko eta sozialerako gero eta urrats irmoagoak egiten ari den bitartean. Hor kokatu ditu azken astean izandako bi atxiloketak, euskal presoen defentsa lanetan aritzen den abokatu baten aurkako epaiketa eta Lekeitioko zortzi gazteren aurkakoa. Onartezina deritzo horri, eta «ziklo berria bidea egiten ari den bitartean», eskubide zibil eta politikoen aldeko «herri harresia» eraikitzeko eskatu du. «Beharrezkoa da, herri gisa bake eta demokrazian oinarritutako etorkizunerako bidea egin nahi badugu».

Bilboko Moyua plazan egin du agerraldia Eleak-ek, Espainiako Gobernuak EAErako duen ordezkaritzaren aurrean. Mezua bi ordezkarik eman duten arren, dozenaka herritar bildu dira Eskubide guztiak proiektu guztientzat. Epaiketa politikorik ez! zioen txartelaren atzean. Sindikatu eta gizarte eragileetako ordezkariekin batera, Ondarroa, Lekeitio, Balmaseda, Karrantza, Algorta eta Bilboko herritarrak izan dira. Hori ere ez da kasualitatea, azken astean herri bizkaitar horietan bi herrikide atxilotu eta espetxeratu baitizkiete, eta beste 11 epaitu. Guztiak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz.

Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean bildutako dozenaka herritarrek «herri harresia» irudikatu nahi dutela azaldu du Maria Riverok, eta azken egunetan gertatutakoak salatu ditu. Ertzaintzak asteartean atxilotu zuen Imanol Gonzalez; Polizia atzetik luzaroan ibili ondoren atxiki dutela kontatu du, «gaztea eta militantea izateagatik». Gazte mugimenduan lanean aritzeagatik espetxeratu dutela salatu du, eta egin dioten akusazioarekin beste erabilera bat ere egiten ari dela. «Martxoaren 29ko greba orokorrean parte hartzeagatik zigortu nahi dute»; hain juxtu, asteazkenerako deitua dagoen greba orokorraren atarian. «Mehatxutzat» du hori Eleak-ek.

Jon Igor Urresti ondarroarra da aste honetan atxilotu eta espetxeratu duten bigarrena. ETAri laguntza ematea egotzi diote, eta Eleak-ek uste du hori «lekuz kanpo» dagoela, ETAk jardun armatua utzia duela kontutan hartuta.

Auzitegi Nazionala

Epaiketei dagokienez, salatu dute euskal herritarrak epaitzen jarraitzen dutela «intoxikazioa eta manipulazioa eguneko ogia duen Auzitegi Nazionalean». Ohartarazi du bertan tortura testigantza soilak zigortzeko froga bihurtzen direla, eta «poliziek asmatutakoek» dozenaka espetxe urte ekar ditzatekeela. Preso eta senideekiko elkartasuna horrela zigortzen dela salatu du , eta horren adibidetzat jarri du aste honetan Iñaki Goioaga abokatuaren, Gorka Garcia Sertutxa presoaren eta Ana Pazen aurka egindako epaiketa. Esanguratsua zaio presoen defentsa lanetan aritzen den abokatuari 16 urteko espetxe zigor eskaera egin izana.

Adierazgarria zaio, baita ere, «herriko jaien testuinguruan sortutako liskar sinple batzuengatik» Lekeitioko zortzi gazte Auzitegi Nazionalean epaitu izana.

«Aski da», esan du Eleak-ek. «Disidentziaren aurkako» halako jazarpena amaitzeko eskatu du, eta, bien bitartean, eskubide zibil eta politikoak urratuak dituztenak «Matrioskaren sabelean» babesteko eskatu die herritarrei.

«Herri mobilizaziorako» deia ere egin du: eskubide zibil eta politikoak bermatuko diren egoerara iritsi bitartean, eskubide horien defentsan «herri harresiak» sortzeko. Eleak-en ustez, horrela soilik lortuko baita bestelako egoera batera igarotzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.