Eleak eskubide zibil eta politiko guztiak aldarrikatzen dituen mugimenduak larunbatean Iruñean 17:30ean egingo den manifestazioan parte hartzera deitu du gaur, "aski da" esateko. Eleak-en iritziz gaur egun eskubide zibil eta politikoen arloan bizi den egoera amaitzea beharrezkotzat jotzen duten ahotsak “geroz eta gehiago diren itxaropenarekin”, gizarteari larunbatean Iruñean egingo den manifestazioarekin bat egitera deitu dute. Manifestazioa 17:30ean aterako da, Golem zinema aretoetatik, Eskubide guztiak guztientzat lelopean.
Eleak-ek azaldu du egun Nafarroan ehun lagun inguru jarduera politikoa egiteagatik auziperatuta daudela, eta horietatik 34 espetxean dauzkatela. Pertsona horiek denak gazte mugimenduko, Amnistiaren Aldeko Mugimenduko, Batasuneko edo Ekineko militante izan arren, "erakunde terroristako" kide izatea leporatu diete, eta sei eta hamar urte bitarteko espetxe zigorrak ezarri nahi dizkiete. “Datuak ikaragarriak dira, eskandalu bat dira”, gaitzetsi du Eleak mugimenduko eledun Asier Biurrunek gaur, Iruñean egindako prentsaurrekoan.
Bihar, batzarra jai giroan
Bihar 18:00etan Iruñeko Nabarreria plazan batzarra izango dute, hurrengo astetan Espainiako Auzitegi Nazionalean egingo diren epaiketen harira auziperatuei elkartasuna adierazteko. Batzarra jai giroan egingo dute, eta kultur ekimen ugari izango da: bertso saioak, bakarrizketak, dantzariak, txalaparta...