Gipuzkoako biztanleen artean %15 inguru hiru eledunak dira. Gazteen artean, ordea, hirutik bat da hiru eleduna -euskara, gaztelania eta ingelesa-. Maria Jesus Aranburu Diputazioko Kultura diputatuaren ustez, datu hori ona da, izan ere, haren ustez, gazte batek zenbat eta hizkuntza gehiago jakin, hobe.
Hala ere, Diputazioko euskara arduradunek sumatu dute eleaniztasunaren inguruko gogoeta egin beharra dagoela, hau da, gizartea eleaniztun izateko eta, aldi berean, euskara berreskuratzeko bideez gogoeta egiteko diziplina anitzeko gunea antolatu beharko litzatekeela. «Gazte eleaniztunak nahi ditugu; euskarak iraungo badu, euskaraz egingo dutenak nahi ditugu. Nola lortzen da hori? Nola lor litezke beste hizkuntzak ondo jakinik euskaraz biziko diren herritarrak?», galdetu dute. Maria Jesus Aranbururen esanetan, ingelesa gero eta toki zabalagoa hartzen ari da eskoletatik kanpo, eta horregatik beharrezkotzat jo du aisialdiari erreparatzea.
Gazteengan eragitea estrategikoa izango dela nabarmendu du, datozen urteetan euskara jakitetik erabiltzera jauzi egiteko. Galdera, aldiz, honako hau da: Nola iritsi gazteengana? Diputazioak argi du gazteengana hurbildu egin behar duela, alde batetik, aisialdiaren bidez, eta, beste alde batetik, euskararen inguruko pentsamendua edo kognizioa garatuz. Horretarako, biderik egokiena, jarrerak eta portaerak lantzea dela uste dute, diskurtsoa berritzeaz gainera.
Zonalde erdaldunak
Hirugarren lan ildo bat ere zehaztu du Diputazioak: zonalde erdaldunak. Hain zuzen, zonalde jendetsuenak erdaldunenak dira. Esaterako, Donostialdean eta Bidasoaldean bizi dira biztanleen %55. Interesgarritzat jo dute Foru Aldundia, Donostiako Udala, Irungo Udala eta Oiartzualdeko euskara gaietako ordezkariekin koordinazio gune bat osatzea. Bestetik, euskararentzat arnasgune diren eskualdeak babestu behar direla uste dute.
Eleaniztasunaz gogoeta egiteko beharra
Gazteengan eta biztanleria handiko guneetan eragin nahi du Foru Aldundiak aurrera begira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu