Urtez urte, gero eta salaketa gehiago jartzen dituzte herritarrek hizkuntz eskubideak urratu dizkietelako. Elebideren 2014ko memorian ere hala gertatu da. Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak parlamentuan aurkeztu ditu datuak. Ontzat jo du goraldia; haren arabera, ez du esan nahi urraketak gero eta gehiago direla, baizik eta herritarrek sentsibilitate handiagoa dutela hizkuntz eskubideekiko, eta gehiago jotzen dutela urraketak salatzera.
Datuen bilduma aztertuta, igoera bistakoa da. Kexuak, adibidez, %15 goratu dira: 346 izan dira denera. Zergatiari erreparatzen bazaio, bi dira nabarmentzekoak: erakundeekin ezin izan dituztela euskaraz egin idatzizko edo ahozko harremanak, eta hizkuntz paisaian euskarak ez duela tokirik —seinaleetan eta—.
Batez ere erakunde publikoen jardunagatik jarri dituzte kexuak herritarrek: 275 salaketa denera. Jaurlaritzari berari eta haren mendeko erakundeei dagozkie gehienak. Aurreko urteetan bezala, Osakidetza dago buruan. Baztarrikak azaldu du, nolanahi ere, logika baduela horrek: herritarrekiko harreman handiena duen erakundea da. Udalen kasuan, gorakada nabaritu dute: 102 kexu jarri dituzte haien jardunari lotuta.
Sektore pribatuari dagokionez, beherakadatxo bat izan da. Bi sektorek jarraitzen dute kexu gehien pilatzen: zerbitzu orokorrekoek —telefono konpainiak tartean dira— eta merkataritzak.