Elizak hamahiru etxebizitza utziko dizkio Nafarroako Gobernuari alokairu publikorako

Hitzarmenean zehaztutako etxebizitza kopurua «urria» dela esan dute alderdi guztiek. Nafarroan, 2.518 ondasun erregistratu zituen elizak 1998 eta 2008 bitartean.

Gotzain Jauregia, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Olaia L. Garaialde.
2021eko irailaren 28a
13:44
Entzun

Elizak Nafarroako Gobernuarekin egindako hitzarmenaren arabera, hamahiru etxe utziko dizkio Nasuvinsa elkarte publikoak alokairu programa publikoan erabiltzeko. Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin dute gaur, eta Jose Maria Aierdi Nafarroako Gobernuko kontseilariak hitzarmenaren nondik norakoak azaldu ditu. Alderdi guztiek «urritzat» jo dute etxebizitza kopurua.

Hitzarmenaren arabera, inork erabiltzen ez dituen hamahiru etxebizitza utziko ditu Elizak; gutxienez zazpi urtez. Etxebizitzak Iruñean, Tuteran, Lizarran, Orkoienen, Ihaben, Arrizabalagan, Bargotan eta Undion daude. Aierdik azaldu duenez, bi helburu ditu hitzarmenak: «Etxebizitza alokairu eskuragarriaren kudeaketa handitzea, eta etxebizitza hobeki dibertsifikatzea Nafarroako herri guztietan».

Aierdiren arabera «onuragarria» da hitzarmena, eta, iragarri duenez, beste bi hitzarmen bidean daude. Horien arabera, posible izan daiteke 41 etxebizitza sartzea alokairuaren poltsan. Nasuvinsa elkartea etxebizitzak berritzeaz arduratuko da, eta, lanak amaitzean, Iruñeko eta Tuterako Artzapezpiku Barrutiak gastuak ordaindu beharko ditu, edo alokairutik kenduko diete.

Nafarroaren Ondarearen Defentsarako Plataformak 1998 aurretik eginiko immatrikulazioen zerrendatik ateratako datuen arabera, 2008 urtera arte gutxienez 2.518 ondasun publiko erregistratu zituen. Hala ere, 2008tik 2015era bitartean egindakoak falta dira.

Juan Luis Santzez de Muniain Navarra Sumako parlamentariaren arabera, hitzarmena «erabat urria» da alokairuaren eskaria betetzeko.

Arantza Biurrun PSNeko parlamentariak adierazi du etxebizitza kopurua «urria dela», baina alde agertu da: «Hitzarmena beharrezkoa da, etxebizitzak ez zituelako inork erabiltzen, eta, beraz, ez zutelako funtzio soziala betetzen». Horrez gain, gehitu du beste batzuek ere bide hori hartzeko aukera izan daitekeela.

Ana Ansa Geroa Baiko parlamentariak dio etxebizitza «gutxi» direla agian, baina beste batzuek ere bide hori hartzeko «baliagarria» izan daitekeela.

Maiorga Ramirez EH Bilduko bozeramaileak adierazi du Elizaren aldeko «fabore tratua» dela; hain zuzen ere, behin etxebizitza legez utzita Nasuvinsak ordaindu beharrekoa Elizari emango diolako. Partikularren kasuan, berriz, behin errendamendu kontratua sinatu ostean ordainduko dio. Beraz, haren arabera: «Etxebizitza alokatu edo ez, berdin-berdin kobratuko du Elizak, eta ez dugu ulertzen, eta ez dugu bat egiten».

Marisa de Simon Ezkerrako parlamentariak azpimarratu du: «Aldez aurretik ordainduko zaio Elizari, eta hemendik zazpi urtera Elizak berrituak izan diren eta baldintza paregabean dauden pisuak izanen ditu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.