Elizak laurden bat galdu du zergetan Gipuzkoan

Errenta aitorpeneko sistema aldatuta, 1,3 milioi galdu ditu.Hegoaldean, %11 jaitsi da bi urtean

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2015eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Diputazioak errenta aitorpenaren sisteman egindako aldaketek kalte nabarmena eragin diote Elizari Gipuzkoan: laurden bat gutxiago jaso du. Zergaren %0,7 nori eman hautatzerakoan, aldundiak ez du onartu bat baino gehiago aukeratzea aldi berean; hots, biei, elkarte sozialei eta Elizari ematea %0,7 hori. Aldundiaren ustez, herritarren nahia «hobeto islatua» geratzen da horrela. Ondorio argia jasan du Elizak: aurreko urtean baino 1,3 milioi gutxiago eskuratu du. Hego Euskal Herrian, oro har, beheranzko bidean da azken urteetan errenta aitorpenetik jasotzen duen diru kopurua, baina dirutza mardula da oraindik ere: hogei milioi euro baino gehiago.

Errenta aitorpena egiteko aldia hastear dela, iazko bilketaren datuak eman zituen atzo Espainiako Gotzainen Biltzarrak. Zenbakiak egonkortuta daudelakoan, pozik agertu dira gotzainak. Euskal Herriko datuetan ez da hori egoera. Egia da Araban eta Bizkaian igoera txiki bat nabaritu dela 2014an, baina, urtez urteko joera aztertuta, beherakada nabari da. 2012tik 2013ra, ia milioi bat euro gutxiago eskuratu zuen Elizak; 2013tik 2014ra, berriz, 1,5 milioi gutxiago.

Gipuzkoako jaitsiera handia da murrizketaren oinarria. Jose Ignacio Munilla gotzainak salatua zuen aldaketa; talde sozialen eta Elizaren artean «lehia» sortzea egotzi zion diputazioari. Elizbarrutiko iturriek BERRIAri azaldu diotenez, jaitsiera ez dute zuzen-zuzenean pairatuko; Espainiako Estatuko bilketa poltsa batera bideratzen dute, eta han banatzen dute. Donostiako Elizbarrutiak ez du izango 1,3 milioiko jaitsiera.

Dirua Elizari, hirutik batek

Gutxiengoa dira errenta aitorpenaren %0,7 Elizari ematea aukeratzen duten herritarrak: hirutik bat ere ez Hegoaldean. Herrialdetik herrialdera aldaketa handiak daude, hala ere. Nafarroan du indar handiena: %37k markatu zuten Elizaren laukitxoa. %34k hautatu zuten Araban, eta Bizkaian, %32k. Gipuzkoan zen apalena datua lehen —orain hiru urte, %30—, eta asko jaitsi da azken urtean: %20k hautatu dute orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.