Herri Elkargoa

Elkargo bakarraren aldekoek, haizea alde

Herri elkargo bakarraren alde bozkatu du herrien bi heren pasak lehen bozkaldian. Eskualde bozen ondotik bilduko den departamendu batzordeak erabakiko du segida. [youtube]http://youtu.be/b2us1nU3iTo[/youtube]

Iñaki Etxeleku.
2015eko abenduaren 5a
07:38
Entzun

Emaitza argia da. 158 herrietarik 113k Ipar Euskal Herriko herri elkargo bakarraren alde egin dute (%71,5), eta 43k kontra (%27,2). Lixoze (Zuberoa) bakarra daiteke bozaren berri eman ez duena, eta Ezterenzubi berdinketa batekin gelditu da.

Herri kopuruaz gain, ordezkatzen duten biztanleriarena ere konta da. %65 ordezkatzen dute Helep Herriarteko Lankidetza Erakunde Publiko berriaren aldekoek. Kontrakoek herena gainditzen dute doi-doi, %34.

Hatsarrean, kontrako ikusmoldeak agertzen hasi zirelarik, pentsa zitekeen hedadura handiagoa izanen zutela herrien lehen bozkaldi honetan. Ez da hala izan, eta sorpresa batzuk ere agertu dira. Bidarten ala Donapaleun aferak tinki; Garazi aldean hotz aire zirenak, argiki alde; Iholdi alde, auzapeza ez zelarik alde mintzatu; Odile de Coral auzapez duen Urruña ere alde hondarrean…

Nolaz ez, guziz baikor jalgitzen dira Batera plataformakoak lehen fase honetarik, eta mentura hobeak ikusten dituzte martxoan hasi behar litzatekeen bigarren bozkaldi erabakigarriarentzat. Bide horretarik doa Batera-ko Nikolas Blainen irakurketa: «Kontrako iritzietan, badira de facto kontra direnak Euskal Herri hitza baliatzen delakoz, Amikuze eskualdean bereziki. Ez da sorpresarik hortik. Beste batzuk, aldiz, Bidarten adibidez, nahiz eta nagusitu den kontrako iritzia, tinko izan da afera. Alzuri [Emannuel] ikusi genuen lehen lerroan kontrako prentsaurrekoetan, baina etxean berean batzuek dudak badituzte, eta Bidarte herria itzularazten ahal da bigarren aldian» .

Haizea itzulikarazteko arrazoi batzuk ikusten ditu, bestalde: «Nik uste kristoren lana egin den hautetsien kontseiluaren inguruan. Lehen aldikotz hamar herri elkargoetan hamar biltzar antolaturik, herriko kontseilari guziguziei irekiak. 1.200 bat hurbildu dira, ez da guti! Adituen laguntzarekin argudioak plazaratu dira. Pentsatzen dut horrek lasaitu dituela hainbat hautetsi, hasiera batean uzkur zirenak».

Joko politikotik, batzuen edo besteen balizko pisu edo eraginarengatik jin zitekeen kontrako oldea ez da gertatu, beraz. «Kontrakoena ez da fronte zabal bat, barnealdea eta kostaldea biltzen dituena. Barnealdean kontra direnek diote kostaldeak janen dituela, eta kostaldeko kontrakoek alderantziz. Aldekoen artean, haatik, bada elkartasun izpiritu bat, orekarena; hor bada fronte zabala ». Barnealdeko hautetsietan, iduri luke gaur egungo herri elkargo «ttipien» ahuleziak eta diru mailako kinka zailak bidea markatu duela.

Departamendu batzordea

Orain zer? CDCI edo Herriarteko Lankidetzarako Departamendu Batzordeak (HLDB) deliberatuko du nolako segida ematen dion erakundetze berriari. Prefeturak abenduaren 8ko iragarria bazuen, eskualde bozak direnez, ez da bozak iragan arte bilduko; hots, abenduaren 13 ondotik.

Horretan bilduko dira Biarnoko eta Ipar Euskal Herriko ordezkariak. Pentsatzekoa da prefetak mantenduko duela herri elkargo bakarraren proposamena.

Hori gabe, baliteke Angelu, Biarritz, Bidarte eta Bokaleko auzapezek manatua duten kontrako proposamena aurkeztea publikoki. Blainek salatu du zer gisakoa izanen den: «Aurreikusten dituzte hiru herri elkargo, hiru probintzietan -Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoa- eta federazio bat gainetik. Federazioa sindikatu bat da; horrek ez du eskumenik, ez du fiskalitaterik, ahulegia da. Ez da egingarria haien proposamena. Pentsatzekoa da bururaino joanen direla eta departamendu batzordean proposatuko dutela».

Batzordeko bozak baldintza dezake segida, baina Batera-koak ez du ezuste handirik espero: «Biarnotik bada gehiengo bat ez dena batere mintzatu Ipar Euskal Herriko egoeraz. Bayrouren [François, Paueko auzapeza] iritzia da -eta eragina badu bere eskualdean- erratea Biarnoko hautetsiek xuri bozkatu behar dutela Ipar Euskal Herriko eskemari buruz eta, alderantziz, berdin egin dezaten Euskal Herriko hautetsiek ». Proposamen batek aitzina egin dezan, batzordeko boz emaileen %66ra heldu behar du. Helep bakarraren kontrakoen aldetik amore emate aire bat sendi du Blainek, Euskal Kostaldea-Aturri Hiriguneko auzapezek Barne Ministerioari igorri dioten gutuna lekuko: «Parisera jotzen duzularik erran nahi du lurraldean berean galdua duzula pentsatzen duzula ». Giroaren beste seinale bat azpimarratu du; Jean Jacques Lasserre senataria ez dela gehiago ozen: «Lasserreren isiltasuna adierazgarria da azken aste hauetan. Kontrako kanpaina hasia zuen argi eta garbi, eta geroztik gutiago entzuten da. Bereaklituzkeen herrietan ere, Donapaleun bezala adibidez, ikustea bederatzi kontra, zazpi alde, edo Iholdi-Oztibarreko elkargoa alde agertzea… Haren aldekoen eragina ez da hain argi».

Karabanak segitzen du

Bozkatuak bozkatu, Batera-ren karabanak bere itzulia segitzen du, Amikuzeko lurretan sarturik. Merkatuetan ibili da bereziki, hala nola Angeluko Quintaou eta Baionako ZUPekoan. «Jendea jakinean da, ez da guti. Herrietako bozei esker hain segur». Herri elkargoek bat egitea, iduriz, franko baikorki ikusten dute gurutzatu solaskideek, salbuespenak salbuespen: «Bizpahiru ukan ditugu, Euskal Herriaren kontrako iritziekin, Baionan edo Angelun. Baina gehien-gehienentzat hamarretarik elkargo bakarra egiteak badu alde baikorra».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.