Elkarlanaren garrantzia nabarmendu du Maitiak

Eskola elebiduna suspertzeko, EEPren eta eskoletako gurasoen arteko elkarlana funtsezkotzat jo du

Aitor Renteria.
Baiona
2012ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Heldu den eskola sartzeari begira, gurasoen eta EEP Euskararen Erakunde Publikoaren arteko elkarlana funtsezkoa dela adierazi du Frantxua Maitia EEPko zuzendariak. «EEPk eta guraso elkarteek elkarrekin bultzatu behar dugu eskola publiko elebidunaren orga; indarrak norabide berean ez jartzean eragin ezkorra sortuko genuke, eta ez da hori euskararen aldeko lana egiteko moldea», erran du Maitiak. Eredu elebiduna orokortzearen alde egin zuen, atzo, agerraldi batean, Ipar Euskal Herri osoan euskaraz ikasteko sare sendoa sortzeko.

Maitiak nabarmendu du euskararen kalitatea hobetzeko euskaraz emandako oren kopuruak indartzea eraginkorra izango litzatekeela. Legeak oren parekotasuna agintzen du, baina onartu du, salbuespen gisa, eredu esperimentalak plantan ezartzea. Gaur bi ama eskolatan baliatzen da, eta ondoko urteotan hori indartzea espero du Maitiak.

Hala ere, heldu den eskola sartzeari begira, onartu du irakasle postuak esleitzeko metodoa berriz aztertu beharko dela, bereziki Frantziako Hezkuntza Ministerioak iragarri duen lanpostu murrizketaren ondoren. Eskola irekitzeak eta irakasleen esleipena argitze aldera, EEPk eta Akademia Ikuskaritzak metodologia berri bat osatu behar dutela azaldu du Maitiak. Horrez gain, zenbait eskola eta herritan gela elebidunak ez irekitzeko arrazoiak «estakuru» baino ez direla erran du. «Onartezina da Herriko Etxe batek erratea egoitzarik ez duela eskola elebiduna ez irekitzeko».

2005ean EEP sortu zenetik urrats garrantzitsuak egin direla azaldu du Maitiak. Gogorarazi du 2004an eskaintza elebiduna lehen mailako 63 eskolatan egiten zela (%34), eta orain 90 eskolatan (%51). Ikasle kopuruari dagokionez, 2004an 3.090 ikasle zeuden lehen mailako eskola publiko elebidunean (%18,5), eta aurten, 4.750 ikasle (%28,1). Bigarren mailan, ordea, nabariak dira sistemaren gabeziak. Eskola publikoa, pribatua eta Seaskaren murgiltze ereduak baturik, 2.496 ikasle ari dira: 1.931, kolegioan, eta 565 ikasle, lizeoan. Seaskak berak bakarrik 200 ikasle inguru ditu.

Baxoa frantsesez

Aurten ere Ipar Euskal Herriko ikasleek ez dute baxoa euskaraz egiteko aukerarik ukanen. Ikasketa guztiak euskaraz egin ondoren azterketa frantsesez egin beharra ez dela «normala» onartu du Maitiak. Lege mailan baxoa euskaraz egiteko aukera onartu arren praktikan egoera blokeaturik dagoela onartu du. Ate hori irekitzeko otsailaren 13an «zuzenean Frantziako Hezkuntzarekin» bilduko dela jakinarazi du. Izan ere, Bordeleko errektoreak eta Paueko Akademia ikuskariak onartu dute posible litzatekeela bederen gairen bat euskaraz egitea, baina ez dute deus gauzatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.