Elkarlanean, aurrera

BERRIAren 10. urteurrena ospatzeko antolatu duten kultur bira Bermeora iritsiko da etzi. Euskararen alde herrian eginiko lana eskertu nahian, ekitaldi berezia izango da.

2013ko apirilaren 17a
09:35
Entzun

Euskararen alde aspalditik ari dira lanean Bermeon (Bizkaia). Euskaldunon egunkaria-ren itxieraren ostean emandako bultzada, Busturialdeko Hitza-ren jaiotzarako eginiko lana, Berria laguntzeko kanpainarako batzorde bat sortu izana... Hori guztia eskertzeko, eta irakurleei omenaldia egin nahian, etzi gauean Anari eta Leire Gotxiren kontzertuak antolatu dituzte, Kafe Antzokian.

Ekitaldietan plazaratzeko bideo bat osatu du BERRIA Taldeak. Bertan parte hartu du Garbiñe Astoreka bermeotarrak, Berriaren irakurle gisa bere ikuspuntua emanez. "Oso esperientzia ona" izan dela azaldu du, eta talde bateko parte sentitu dela: "Ezinbestekoa da euskarazko hedabide bat edukitzea, bat baino ez daukagu eta".

Beste hainbat herritan bezala, euskararen erabilerak gorabeherak jasan ditu kostaldeko herrian. Erabileraren inguruan egindako ikerketa baten arabera, 2006an, %60,67k egiten zuten euskaraz, eta 2011n, %36,6k baino ez. Jendeak euskaraz badaki, baina "gaztelera asko entzuten da kalean, batez ere gazteen artean". Hori dio Jose Luis Bilbao Bermeoko Euskeraz Berbetan elkarteko kideak. Ezagutza badago, baina belaunaldi gazteen artean "erabileran dago arazoa". Bittor Uriartek herriko institutuan egiten du lan, eta irakaslea den aldetik, 16 urtetik aurrera gazteek euren artean gazteleraz egiten dutela uste du. "Dena dela, 25 urte ingururekin, gazteek kontzientzia hartu eta euskaraz hitz egiten hasten dira berriro ere", azaldu du Uriartek. Egoera hori beste herri batzuetan baino gehiago nabari du Bermeon irakasleak.

Euskara sustatuz

Badaude euskalgintzari lotutako hainbat talde Bermeon. Horietako bat da Euskeraz Berbetan elkartea, eta herrian euskararen aldeko proiektu eta ekintzak sustatzea du helburu nagusi. Mintzapraktikan aritzeko Berbalagun taldea ere badago, Gotzon Garitaonandia euskaltegia, eta abar. Gainera, udaleko euskara saila ere ari da lanean gaztetxoen kirol taldeetan euskara bultzatzeko.

Euskarazko hedabide bat edukitzearen garrantzia berretsi dute Uriarte eta Bilbaok. «Batez ere euskara zabaltzeko», baina baita beste hizkuntzen maila berean jartzeko ere; hau da, normalizaziora heltzeko pausoak emateko. Euskara hutsezko egunkari bakarra izanik, Berriaren zeregina ezinbestekoa eta garrantzitsua dela adierazi dute biek.

"Euskalgintza arloan oso lan ona egiten duela iruditzen zait. Eguneroko informazio zuzena eta kalitatezkoa eskaintzen du, baina euskaraz izateak berebiziko garrantzia du guretzat", azaldu du Bilbaok.

Ekarpenak, ezinbesteko

BERRIAlaguna kanpainarekin bat egin du Bermeok. Herrian bertan, batzorde bat sortu zuten. "Horrelako ekintzak daudenean mobilizatu ohi gara herrian, batzorde moduan antolatzen gara; kontaktuak baditugu, eta prest egoten gara Berriari laguntzeko", adierazi du Uriartek. Egun, diru laguntzak gero eta murritzagoak dira, eta Bilbaok dio egoera ez dela batere erraza: "Horri aurre egiteko, ekarpen orok du garrantzi handia, bakoitzak ahal duena egin dezala".

Euskararekin lotutako gaietan "ekin" egin behar dela uste du Uriartek. "Berria euskarazko egunkari bakarra da, eta herritarron babes osoa behar du. Nik, esaterako, egunkaria euskaraz irakurtzea dut gustuko". Euskarazko baliabideak landu beharra dagoela uste du. "Beharrezkoa da, ezinbestekoa, iraun egin behar du". Jendeak babesa ematen duen arren, normalean laguntza ematea gehiago kostatzen da. Egoera kritikoa denean, edo zerbaiti eraso egiten zaionean, mugimendu handiagoa izaten dela nabarmendu du Uriartek. "Horra iritsi aurretik konpromisoa hartu behar du jendeak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.